Kroaziako gobernuko ordezkaritza handi batek Euskadi bisitatu du euskal esperientziatik ikasteko

Agirre Lehendakaria Centerrek bultzatu eta koordinatutako bisitaren helburu nagusia lehiakortasunaren euskal eredua sakon ezagutzea eta bi herrialdeen arteko lankidetza estrategikorako aukera berriak aztertzea izan da.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Ainara Basurko Bizkaiko Garapen Ekonomikoko foru diputatuak eta lurraldeko hainbat eragile publiko eta pribatuk hartu zuten Kroaziako gobernuaren ordezkaritza, Šime Erlić Estatu Idazkaria buru zuena.

Bisitaldian lankidetza-arlo berriak aztertu dira, Kroaziarentzat garrantzi handikoa den une honetan. Europar Batasunean eskubide osoz sartzeak baliabideen transferentzia handia ekarri du, eta aldi horretan herrialdearen etorkizuna markatuko duten lehentasun-eremuei buruzko erabaki estrategikoak hartuko dira. Testuinguru horretan, Euskadik Kroaziarentzat bazkide estrategiko bihurtzeko aukera du, zailtasun handiko testuinguru batean eraldaketa sozioekonomikoko prozesu handi baten garapen arrakastatsuan izandako esperientziagatik.

Gastronomia bi aldeak aspaldidanik elkarlanean ari diren arloa bada ere, harremanak beste sektore batzuetara zabal ditzake bere ekintza-ildoak, hala nola, industriara eta eskualde-garapeneko politiketara. Ildo honetan, Kroaziako gobernuak uste du euskal esperientziatik eta klusterrek modernizazioan izan duten eraginetik ikastea aukera handia dela bere herrialdearentzat. Bai Kroaziak, bai Euskadik, industria-sektore indartsua dute, eta horrek ingurumen-trantsizio berri bat aktibatu behar du: energia-kontsumoa murriztea, erabilitako lehengaiak murriztea, eta energia-horniduran zein aipatutako gaietan buruaskiak izatea. Hala, energia-sistemaren elektrifikazioa sorkuntza berriztagarritik interes komuneko lankidetza-arlotzat hartu da.

Ordezkaritza ofizialarekin batera Munduko Bankuaren ordezkari bat izan da. Pedro Arizti politika publikoetan adituak bi norabideetan egiten den ezagutzaren transferentzia garrantzitsutzat jotzen ditu lankidetza mota horiek. Era berean, euskal eragileek maila guztietan inplikatutako eragileen antolaketari, koordinazioari eta lankidetzari buruz emandako ikaskuntza azpimarratu du.