Zer gobernantza behar dugu etorkizuneko erronkei aurre hartzeko?

Egungo errealitateak ikuspegi konplexua erakusten digunetik, erronka horiei aurre egiteko gobernantza-mekanismoak aktibatzeko beharra agerian jarri digu. Aurre hartzeko gobernantza-mekanismoen inguruan hausnarketa egiteko lansaioa egin genuen pasa den irailaren 18an Gipuzkoako Foru Aldundian, Etorkizuna Eraikiz programaren baitan.

Gipuzkoako Foru Aldundia ELGAko OPSI behatokiak bideratzen duen “Anticipatory Governance” proiektuaren baitan eta Agirre Lehendakaria Centerren laguntzarekin, Europako beste herrialdeekin batera ari da gaia jorratzen. Era berean, lanketa Agirre Lehendakaria Centerrek sustatzen duen Debagoiena 2030 (Debagoiena eskualdearen eraldaketa bilatzen duen prozesua) egitasmoarekin lotzen da.

Irailaren 18ko mintegian 30 lagun inguru bildu ziren, Foru Aldundiko sail desberdinetakoak zein Gipuzkoako beste eragileak, Etorkizuna Eraikizen gobernantza-mekanismo, babes-egitura eta gaitasun transakzional eta operazionalen inguruan gogoeta egiteko asmoz.