WhatsApp Image 2025-09-25 at 13.24

Zaintzaren dispositibo patriarkala

Etxeko amen botere-dinamikak gaur egun

Testua: Lore Lujanbio Etxebarria, K Aldizkaria-ren 2 alean argitaratua
Argazkiak: Vicente Paredes

 

Azken urteetan, zaintza lanekin loturiko gatazka eta aldarrikapen feministek indarra hartu dute. Horien artean, adibide esanguratsuak dira 2018ko martxoaren 8ko eta aurtengo azaroaren 30ko greba feministak edota etxeko langile eta egoitzetako beharginen borrokak.

 

Gatazka eta aldarrikapen horiekin lotuta, zaintzaren inguruko diskurtsoen ugaritzea gertatu da, eta “zaintza” kontzeptuaren definizioaren inguruko galdera eta eztabaidak garrantzia hartu du mugimendu feministaren zein akademiaren esparruan. Halere, zaintzaren inguruko ikerketa akademikoetan ez dugu kategoriaren definizio bateraturik aurkitzen, horregatik nozioaren inguruko eztabaidak irekia jarraitzen du. Eztabaida horri ekarpena egiteko eta “zaintza lana” kategoria feminista teoriko modura birkontzeptualizatzeko xedearekin garatu dut “Zaintzaren dispositibo patriarkala” (2024) izeneko doktorego tesi berria. Ikerketa horretan “etxeko eta zaintza lan” kontzeptuaren definizio materialista gauzatzen dut eta Europako emakume zaintzaileen ekoizpen eta birsortze biopolitiko nahiz diziplinarioa aztertzen dut.

Nola iritsi garen honaino

Etxeko eta zaintza lana XVIII. mendean eta Europan garatzen hasitako botere-dispositibo patriarkala da. Botere-dispositiboa Michel Foucaulten zentzuan, hots, botere-mekanismo diziplinario eta biopolitikoen bitartez, muin semiotiko batekin artikulatuta, subjektibazioak produzitzen dituen askotariko elementuen sarea da. Hau da, gorputz indibidual eta kolektiboak gobernatzeko gailua (2009, 2018). Hortaz, zaintzaren dispositibo patriarkalak mekanismo ugarien saretzearekin, menderakuntzak ezaugarritzen duen emakume zaintzaileen subjektibazio gorpuztua ekoizten eta birsortzen du.

 

Aro Berrian zehar, XVIII. mendetik XX. mende erdi arte, emakume zaintzaileak eraikitzeko subjektibazio normalizatu nagusia amaemaztea izan zen, eta beraz, emakumetasuna amatasun eta ezkontzaren bitartez definitu eta naturalizatu zen (Badinter, 1991; Tabet, 2019). Horrekin lotuta, XIX. mendean “amatasun instintuaren” nozioa asmatu zen, hots, amatasun desira eta haurren zaintza feminizatua naturalizatzeko mekanismoa (Badinter, 1991; Gimeno, 2018). Halaber, estrategia anitzen artean, XVIII. mendean sortu zen familiako medikua, alegia, amaemazteei haurrak eta familia zaintzeko jarraibideak zuzenean ematen dizkien autoritatea (Donzelot, 1979). Izan ere, erakunde diziplinario modernoen bitartez, zaintza normatibo eta feminizatua birsortzeko jakintza-botere eta dispositibo-epistemikoak hedatu ziren. Horien artean nabarmentzekoak filosofia ilustratua, medikuntza, pedagogia, eskola, gizarte-lana edota psikiatria.

 

Horiek guztiek emakumeak zelatu eta zigortzeko mekanismo mikrofisikoak zabaldu zituzten gizarte ehundura osoan zehar, eta horrela, emakumeek zaintzaile izateko araua haragiztatzea eragin zuten. Botere-teknologia horien bitartez, amaemazte modernoei mekanismo biopolitikoak familian hedatzeko eginbeharra ezarri zitzaien. Hau da, jaki-ohitura, higiene-praktika, loaren ordutegi, etxebizitzaren antolamendu, haur kopuru edota haurren artatzearen inguruko praktika arautu berriak betetzea eta betearaztea.

 

Modu horretan, emakumeak bioboterearen eragile bilakatu ziren, gidaritza eta menderakuntza patriarkalaren menpean biztanleria produktibo eta osasuntsua, hots, zaindua sortzeko arduradunak. Hortaz, emakumeak diziplinatzea biztanleria produktibo, osasuntsu eta normalizatua ekoizteko erdiguneko estrategia bilakatu zen.

 

Halaber, Aro Berrian zehar, kapitalismoaren garapen eta hedapenarekin batera, gizon zuri langileei produkzio-erlazio kapitalistak ezarri zitzaizkien. Izan ere, produkzio-erlazio kapitalistak maskulinizatu egin ziren, produkzio bideen jabe izan ala ez, euren buru eta gorputzen jabe diren subjektuekin lotuz: gizonekin. Horien lanak, orokorrean, neurriaren bitartez antolatuko dira, alegia, lanorduaren hasiera eta amaiera zehaztuz, ordainduz eta zeregin zehatzak egotziz. Haatik, feminismo materialistatik nabarmendu modura, emakume guztiak apropiazioan oinarritutako produkzio-erlazio patriarkaletan kateatuak izan ziren. Batetik, produkzio-harremanek emakumeek klase sozial modura ekoizpen-bideetan duten kokapena adierazten dute. Bestetik, apropiazioan oinarritua izateak esan nahi du emakumeen gorputza osotasunean desjabetzen dela, hots, neurririk gabe (ordutegirik, soldatarik, ordainik edota banaketarik gabe) lan egitea eta menpeko izatea ezarriko baitzaie.

 

Horregatik, ez da emakumeen lan indarra soilik desjabetuko, baizik eta gizonen klaseak horien gorputza eta bizitza osotasunean bereganatuko du (Delphy, 1985, 2016, 2023; Guillau - min, 2005). Hortaz, etxeko eta zaintza lana des - jabetze eta apropiazio sexuatuan oinarritutako familiako produkzio-erlazioek taxutu dute. Izan ere, amaemazte modernoak soldata eta ordainik gabe, lanorduaren hasiera eta amaierarik gabe, etengabean senarrarentzat lana egitera behartu eta bideratu ziren. Emazteez gain, emakume guztiei ezarri zitzaizkien produkzio-harreman patriarkalak, hots, alaba, arreba, izeba, amona, neskame edota mojei. Guillauminek azaldu modura, beti eta non-nahi, egoera “familiarrenetan” zein egoera “publikoenetan” espero da emakumeek garbiketa egitea eta tokia apaintzea, haurrak zaintzea, tea zerbitzatzea, platerak garbit - zea edo telefonoa hartzea, botoiak jostea edo gizonen kezka metafisiko eta profesionalak entzutea... Alegia, etengabean eta espazio guztietan eskatuko zaie lan ez-ordaindua edota subalter - noa egitea eta besteen beharrei men egitea (Guillaumin, 2005: 27). Horrela, gizonei lan ordaindua (produkzio-erlazio kapitalistak) eta emakumeei lan ez-ordaindua (produkzio-erlazio patriarkalak) ezartzearekin batera eta horren bitartez garatu zen etxeko eta zaintza lanaren dispositibo patriarkala.

 

Hortaz, etxeko eta zaintza lana definitzen duena subalternitatean eta emakumeen desjabetzean oinarritutako produkzio-erlazio patriarkalak dira, eta ez ordea, zeregin edo jarduera bat egitea. Delphyk azaldu modura, “lan” kategoria historikoa da, eta ez da zereginen bitartez definitzen, baizik eta zereginez gain produkzio-harreman patriarkalek mamitzen dute (Delphy, 1985, 2016, 2023). Horregatik, zeregin bera gizonek egiten dutenean esanahiak eta lan baldintzak aldatu egiten dira, produkzio-erlazioak transformatzen direlako hain zuzen ere. Hori oso argi antzeman dezakegu sukaldaritzan, emakumeek senideentzat jakiak soldatarik gabe prestatuko dituzten bitartean, jatetxean soldata eta prestigioarekin egingo baitute gizonek. Izan ere, emakumeek egiten dituztelako dira ordaindu gabeak eta lan ez-ordaindua egiteagatik dira emakumeak.

 

Europako modernitatean zehar, familiaren, ezkontzaren eta amatasunaren erromantizazio prozesu sakona garatu zen eta hortaz, familiako lanen (emakumeen lanen) erromantizazio eta emozionalizazio gauzatu zen. Aldaketa horrekin, emakumeek maite dituztenengatik beren buruei uko egitea eragiten duen erregimen emozionala ezarri zen (Esteban, 2011). Prozesu horren bitartez, produkzio-erlazio patriarkalak zilegi egingo dira, emakumeen lan ez-ordaindu eta subalternoa maitasunez jantziko baita eta amaemazteen egitura emozional eta desiratzailea sakrifizioak eta besteen beharrak lehenesteak ezaugarrituko baitu.

 

Orobat, borroka feministen ondorioz, XX. mende amaieratik XXI. mendera, emakumeok eskubide zein askatasun ugari eskuratu ditugu. Horien artean, eskubide politikoak, dibortzioa edota ugalketa eskubideak. Halaber, amaemazteei lan ordainduan aritzea debekatzen zieten araudia desagertu egin da edota senarrei emazteen gorputz eta bizitzaren gaineko botere osoa eskaintzen zizkien legedia ezabatu.

 

Aitzitik, mendebaldeko gizarte garaikideetan, etxeko eta zaintza lanaren gehiengoak ordaindu gabea izaten jarraitzen du, eta familietako emakumeek gauzatzen dute nagusiki. Nahiz eta azken hamarkadetan lan ez-ordainduan gizonen parte-hartzea handitu egin den, banaketa ez da inola ere parekidea (Es - ping-Andersen, 1999; Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020; Sagastizabal, 2017). Halaber, datuek erakusten dute gizonen parte-hartzea bereziki noizbehinkakoak diren edota ludikoak diren etxeko eta zaintza lanean handitu dela. Esaterako, asteburuetan futbol partidura edo zinemara joatea bezalako jardueretan (Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020; Sagastizabal, 2017). Horrenbestez, XXI. mendeko gizarte mendebaldarretan zaintzak emakumeen lana izaten jarraitzen du (Carrasco, 2001; Carrasco, Borderías eta Torns, 2019; Folbre, 2019; Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020; Juteau eta Laurin, 1989; Orozco, 2006; Sagastizabal, 2017; Tronto, 2020). Berebat, oraindik ere lan merkatua gizonentzat definitu eta eraikitako esparrua da (Carrasco, 2001; Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020; Orozco, 2006; Sagastizabal, 2017). Orobat, enplegu feminizatua orokorrean eta bereziki desfamiliarizazio berantiarrekoa, sakonki prekarizatua aurkitzen da. Hots, soldata baxuak, partzialtasuna, lan es - kubide murritzagoak edota ordutegi ez-egonkorrak (Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020).

Botere dispositibo berriak

Horrenbestez, azken hamarkadetan, zaintza feminizatu, subalternizatu eta prekarizatua ekoizteko mekanismoak ez dira desagertu, baizik eta birkonfiguratu eta sofistikatu egin dira. Askotariko mekanismoen artean, nabarmentzekoak dira pribatizazio prozesu neoliberalak. Izan ere, zerbitzu publikoen murrizketa eta pribatizazioek merkantilizazioa eta familiarizazioa areagotzen dute. Ondorioz, klase sozioekonomiko altuenetakoak salbu, biztanleriak merkatu eta familiarekiko duen menpekotasuna areagotzen dute (Esping-Andersen, 1999; Goikoetxea, Lujanbio Garai eta Rodríguez, 2020). Horrekin lotuta, ikerketa nagusiek erakusten dute egungo testuinguruan egitura publikoek daukatela emakume guztien lan ez-ordaindua murrizteko gaitasun handiena (Esping-Andersen, 1999; Goikoetxea, Lujanbio Garai eta Rodríguez, 2020).

 

Pribatizazio neoliberal horiek bereziki birbanaketa eta ongizatea ekoizten duten sektore eta mekanismo publikoetan garatzen ari dira: osasun sisteman, hezkuntzan, erretiro-sarietan, gizarte zerbitzuetan edota menpekotasunaren arretan (haurtzaindegiak, jangelak, adindunen egoitzak…) (Carrasco, 2013; Goikoetxea, 2017; Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020; Lujanbio, 2016). Halaber, sektore horiek bereziki feminizatuta aurkitzen dira (Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020). Horrenbestez, XXI. mendeko pribatizazio prozesuek emakumeen lan ez-ordaindua eta enpleguaren prekarizazioa handitzen dute (Goikoetxea, 2017; Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020; Juteau eta Laurin, 1989); Lujanbio, 2016. Hortaz, mendebaldeko gizarte garaikideetan pribatizazio neoliberalek produkzio-erlazio patriarkalak (lan ez-ordaindu eta subalternoa) sustatzen dituzte eta horregatik, emakume zaintzaileak ekoizteko eta birsortzeko mekanismoak dira.

Amatasuna

Bestetik, mendebaldeko herrialde garaikideetan, zaintza feminizatua birsortzeko mekanismo garrantzitsua da amatasunaren intentsifikazio prozesu patriarkala. Izan ere, XVIII. mendetik aurrera, amatasun intentsiboaren eredua eratzen eta zabaltzen hasi zen, hau da, haurren arduradun bakarra ama bilakatzea eta haur bakoitzari eskaini beharreko denbora areagotzea eragiten duena (Hays, 1998).

 

Amatasun intentsiboaren eredua iraultzetik urrun, XX. mende amaieratik XXI. mendera, amatasuna intentsiboagoa eta zurrunagoa bilakatu da (Hays, 1998; Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020). Haurdun dauden emakumeei medikuak ezartzen dien dieta geroz eta zurrunagoa baita edota haurren zaintza normatibo eta egokiak geroz eta denbora (eta diru) gehiago eskaintzea exijitzen baitu (Gimeno, 2018). Horrez gainera, mendebaldeko ama garaikideei helburu berri bat ere eskatzen zaie egun: haurren osasun psikologikoa eta zoriontasuna bermatzea (Medi na, Figueras-Maz eta Gómez-Puertas, 2013).

 

Orobat, emakumeak haurrak direnetik zaintzarekin loturiko praktika eta esanahietan gizarteratzen dira (Imaz, 2010). Halaber, indarkeria sinbolikoaren bitartez, etxeko eta zaintza lana emakumetasunaren alderdi definitzaile bezala birsortzen da (Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020). Horrenbestez, emakume zaintzaileen gorputz-ekoizpenerako mekanismoak eta teknologia diziplinarioak sakabanatu egin dira eta sotilagoak bilakatu, bilakaera hori botere-mekanismoen sofistikazio prozesu modura ulertu behar dugularik.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) testuinguruari dagokionez, datuek erakusten dute gure ongizate-erregimen eredua pribatizazioak ezaugarritzen duela, merkantilizazio eta familiarizazio maila oso handiak baititu. Horrela, erregimen mediterraneoaren ereduan kokatzen da, hots, desfamiliarizatzeko gaitasun urrien duten ongizate-erregimen moten artean, Italia, Portugal eta Espainiarekin batera.

 

Hortaz, ongizate-erregimen horietan ongizatearen arduradun nagusiak familiak dira, zehazki, familietako emakumeak (Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodríguez, 2020; Lujanbio, 2016). Horren adibide argia da menpekotasunaren arretarako zerbitzuen pribatizazio maila handia. Esaterako, 2020an, EAEko adindunen egoitza guztien %74,19ak titularitate pribatua zeukaten (Comas-d’Argemir, Bofill-Poch et al., 2021: 255). Horrez gainera, diru-laguntzak sustatzen dira zerbitzu publikoen aurretik eta prestazio horien artean protagonismo handiena duena familiako eremuan zaintzekoa da (Larrañaga, Rodríguez eta Jubeto, 2019). Diru-laguntza horrek familiarizazioa indartzen du eta orobat, etxeko zerbitzua kontratatzea sustatzen ari da. Hau da, emakumeen eta bereziki emakume migratzaile eta arrazializatuen lan ordaindu oso prekarioa birsortzen duen enplegua (Arin et al., 2021, Comas-d’Argemir, Bofill-Poch et al., 2021).

 

Halaber, besteak beste, zaintzeko baimenetan lan ez-ordainduaren feminizazioa antzeman dezakegu. EAEn, 2019an, haurrak zaintzeko baimenen %89,6 emakumeek eskatu zituzten. Orobat, senideak zaintzeko baimenei dagokienez, urte berean emakumeek %74,8a eskatu zituzten (Emakunde, 2020: 94).

 

Horrez gainera, EAEn, urtero, adindunen zaintzan ari den pertsonen kopurua handitzen ari da eta zaintza horren %62,8 zaintza informalaren bitartez egiten ari da (familiako emakumeak eta kontraturik gabeko etxeko langileak) (Durán, 2014). Ildo berean, Denbora-Aurrekontuen Inkestak aztertutako datuek erakusten dute, EAEn, adindunak zaintzen ari diren emakumeek eskaintzen duten lan ez-ordainduaren denbora kopurua areagotzen ari dela (Bianchi eta González-Rábago, 2015). Egoera aldatzeko neurriak sortzen ez badira prozesu hori areagotu egingo da, izan ere, proiekzio demografiko guztiek (Eustat, 2018) erakusten dute hurrengo urteetan adindunen kopurua handitu egingo dela.

 

Horrenbestez, ondorioztatu dezakegu zerbitzu publikoen pribatizazioaren areagotzearen, aldaketa demografikoen, amatasunaren intentsifikazioaren eta zaintzaren feminizazioaren ondorioz, azken urteetan emakumeen lan ez-ordain - dua handitzen ari dela.

 

Beraz, azken hamarkadetan, zaintzaren dispositibo patriarkala ez da inola ere irauli, baizik eta transformatu eta birkonfiguratu egin da. Dispositibo horrek emakumeak diziplinatu (ekoiztu) eta subalternizatzen ditu, produkzio erlazio-patriarkalak birsortzen eta haragiztatzen dituelako hain zuzen.

 

Produkzio-erlazio horiek ezabatzeko ezinbestekoa dugu “etxeko eta zaintza lana” kategoria historiko eta ez-esentzial modura kontzeptualizatzea, hots, emakume zaintzaileen naturalizazioa erraietatik arbuiatzea. Hau da, definizio materialista eguneratua garatzea eta fintzea. Halaber, produkzio-erlazio patriarkalei aurre egiteko, askotariko transformazioen artean, berebizikoa dugu Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Feminista eraikitzea. Behar zehatzak asebete eta ziurtatuko dituen eta produkzio-erlazio subalternizatuak irauliko dituen egitura eratzea, alegia, egungo zerbitzu publikoak zabaldu, birpentsatu eta eraldatuko dituen sistema sortzea.

Lore Lujanbioren testua, K Aldizkaria-ren 2. alean argitaratua

 

K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.