Kultura eta Sormen Industrien Berrikuntza Plataforma — Last Tour eta ALC

Practice Lab

Covid-19aren ondorioz bizi dugun muturreko egoerak berriro ekarri digu gogora kultura eta sormen industrien garrantzia. Pandemia eguneroko bizitza geldiarazten hasi zenean, pertsona asko hasi ziren artisau-lanak egiten, liburuak irakurtzen, telesailak eta filmak ikusten, kontzertu digitaletara konektatzen… Hori izan zen ihesbiderik onena, nork bere buruarekin edo besteekin konektatzeko, bakardadean eta kilometrotara egonda ere.

Ekonomia laranjak eta sorkuntza-industriek erronka handia dute Covid osteko krisian, eta erabakigarriak dira normaltasunerantz joateko. Hain zuzen, Nazio Batuek Garapen Iraunkorrerako Ekonomia Sortzailearen Nazioarteko Urtea izendatu dute 2021.

Covid osteko aldaketa-agertoki batean, lankidetza-gune berri bat ireki zen kultura-sektorearen barruan, Last Tour-en —EAEn musikaren industriako enpresa aitzindarietako bat— eta ALCKren artean. Bien artean Berrikuntza Sozialeko Plataforma bat sustatu dute, elkarlotutako prototipo-sorta berri bat elkarrekin diseinatzeko, euskal kultura-paisaia birdiseinatzeko, artisten, ekoizleen, administrazioaren, enpresa pribatuen eta herritar arrunten narrazioetan oinarrituta.

2020aren amaieran, prozesu hori plataformaren bidez hasi zen, eta, prozesuaren fase batzuk garatu ziren –mapatzea, entzutea eta zentzu-emate kolektiboa–, eta etorkizuneko lan-ildoen proposamen bateratu bat ere garatu zen.

Berrikuntza Irekiko Plataforma hau sektoreko eragileen, erakunde publikoen eta sormen eta kultur industrien sektoreko enpresen arteko lankidetza-prozesuen azeleragailu bat da. Entzute eta ko-sorkuntza metodologietan oinarritzen da, eta horiek dira 5 eragin-mailatan elkarri lotutako ekimenen zorro bat garatzeko oinarria: (1) ekimen komunitarioak, (2) eskala txikiko ekintzailetza sozialeko proiektuak, (3) eskala handiko esku-hartze publiko-pribatuak, (4) zerbitzu publiko berriak eta (5) erregulazio berrien esperimentazioa.

Ezaugarri horiek dituen plataforma baten elementu bereizgarria entzute komunitarioko tresna berriak eraikitzen dituela, parte hartzen duten eragile nagusiekin batera esku-hartzeak diseinatzen dituela, ekimen-sorta bat sortzen duela proiektu isolatuen ordez, eta inguru horretan berrikuntza irekiko benetako ekosistema bat eraiki nahi duela da, erronka sozioekonomikoei eta kulturalei sistema konplexuaren ikuspegitik aurre egin ahal izateko.

Kasu honetan, gure lana batez ere entzute eta interpretazio kolektiboan oinarritu da, eta tresna berriak sartu ditugu, benetan zer gertatzen den, eta gizarte-eskaeren eta kultur industrien merkatuaren bilakaera denbora errealean ezagutzeko. Hasiera batean, elkarrizketa etnografiko batzuk egin ziren, horiek entzuteko beste hainbat biderekin osatuz. Horien bidez, sektorean operatzen duten narratibak jaso ahal izan genituen. Informazio hori aztertu egin zen (erronkak eta aukerak identifikatuz), eta pertzepzio patroietan sailkatu zen, 8 profil sortuz –profilek portaera eta pentsamenduak oinarri dituzten pertzepzio patroiak adierazten dituzte (errepikapen eta antzekotasunaren arabera mugatuak)–. Horrekin batera, lehendik zeuden ekimenen mapatzea egin zen, ekimen horiek profil jakin batzuei nola erantzuten dieten aztertzeko.

Entzute-prozesuan jasotako eta aztertutako informazio guztia sektoreko eragileekin alderatu behar da, balio erantsi handia ematen baitu eta parte hartzeko gune bat irekitzen baitu, ahotsen aniztasuna integratuz. Gure azterketa baliozkotzeko eta ikuspegi berriak biltzeko aukera ematen digu, parte-hartzaileak prozesuaren parte sentiaraziz eta haien sarea bera indartuz.

Ekainaren 10ean, zentzu-emate kolektiboko saio bat egin genuen, eta, bertan, ekimen eta ideia berriak sortu ziren, bost eragin-mailatan banatuak eta aurkeztutako profilei erantzuten dietenak.

Lankidetzaren helburu orokorrak hauek dira:

  • Euskadiko Sormen eta Kultur Industrien arloan gaur egun dauden estrategien ordezko gune bat sustatzea, Last Tour-en trakzio-ahalmena aprobetxatuz
  • Industria horiek Euskadin duten balio erantsia hobeto ulertzea eta nazioartean proiektatzea

Eta helburu zehatzagoak:

  • Kultur eta Sormen Industrien sektorean elkarrekin konektatutako prototipo-zorroa sustatzea, lurraldearen balio diferentziala indartzeko
  • Plataformari lotutako eragile publiko eta pribatuen sarea sortzea
  • Bazkide finantzatzaileak erakartzea

Sektorea: Kultura eta hizkuntza berreskuratzea

Tokia: Euskal Herria

2020-2021 urtea