Euskal zientzia, teknologia eta berrikuntza politikak: lehen kontraste saioa
Joan den ekainaren 2an, Bilboko Bizkaia Aretoan, “Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako (ZTB) politika publikoak autogobernuaren berrezarpenetik gaur egunera arte” azterlanaren esparruan lehen kontraste saioa ospatu genuen.
Saio honetan, euskal ZTB sareko eragile estrategikoen ordezkaritza anitza bildu zen (besteak beste: Ikerbasque, SPRI, Innobasque, Euskampus Fundazioa, Euskadiko Parke Teknologikoak), aurrez egindako 50 elkarrizketa sakonetatik abiatuta egindako lehen azterketa partekatzeko, kontrastatzeko eta kolektiboki aberasteko helburuarekin.
Gainera, Mikel Landabaso, Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Komunaren (JRC) Sevillako egoitzako zuzendaria, izan genuen gurekin. Haren ekarpenak ikuspegi europar esanguratsua gehitu zion gogoeta kolektiboari.
Topaketak bi helburu nagusi izan zituen:
- Orain arte identifikatutako gai giltzarrien baliozkotzea.
- Hurrengo informazio bilketa eta analisi fasea elikatzeko orientazio estrategikoak jasotzea.
Saioan, ZTBren euskal sistemaren etorkizunerako funtsezkoak diren gaiak landu ziren. Besteak beste, honako alderdi hauek eztabaidatu ziren: erakundeen arteko lankidetza indartzeko beharra, unibertsitateak testuinguru teknologiko berrian duen zeregina, arlo zientifiko jakin batzuetan masa kritikorik ez izatea, edo sortzen ari diren teknologiak (adimen artifiziala eta Deep Tech, esaterako) erabakitasun handiagoz txertatzeko erronka. Halaber, ezagutza transferitzeko mekanismoak birpentsatzearen garrantzia azpimarratu zen, bai eta etorkizuneko lehentasunezko sektoreei buruzko ikuspegi partekatua garatzeko beharra ere, hala nola osasuna eta zaintza gizarte zahartu batean.
Hau izan da azterlanaren baitan egingo diren hainbat saiotatik lehena. Uztailaren 7an, genero-ikuspegia ardatz hartuko duen hurrengo saio tematikoa ospatuko da.
Eskerrik eman nahi dizkizuegu parte hartu duzuen guztioi; zuen ezagutza eta esperientzia funtsezkoak dira ariketa kolektibo honi sakontasuna eta zentzua emateko.