IMG_1247

Komunitate-ikuspegi eta ikuspegi sistemikoa, Sinposioa Bruselan

Martxoaren 26an, King Baudoin Fundazioak “Mobilising community voices & mainstreaming solutions to societal challenges” sinposioa hartu zuen. Agirre Lehendakaria Centerrek eta Geniok elkarlanean antolatutako ekitaldi honek Europako Batzordeko eta fundazio filantropikoetako ordezkariak bildu zituen. Helburua, inpaktu sistemikoa lortu nahi duten gizarte-berrikuntzako ekimenetan komunitate-ikuspegia nola txertatu eztabaidatzea izan zen.

Jardunaldia premisa argi batetik abiatu zen: etxegabetasuna, iraupen luzeko langabezia edo gizarte-bazterkeria bezalako erronkak ezin dira bakarkako esku-hartzeen bidez konpondu. Kasu gehienetan, saiakera horiek huts egiten dute lurraldeko dinamika sozial eta kulturalekin konektatzea lortzen ez dutelako. Europako Batzordeak bultzatutako misioetan ikusi denez, irtenbide tekniko onak diseinatzen dira, baina gizarteak ez ditu bere egiten. Sinposioak ikuspegi berriak hartzeko beharra azpimarratu zuen; hau da, "ezkutuko ahotsak" agerian jarriko dituzten eta elkarlanean oinarritutako esperimentazio-portafolioak kudeatuko dituzten estrategiak behar direla.

Programak konplexutasun hori irtenbide zehatzetan nola gauzatu erakusten duten funtsezko aurkezpenak izan zituen:

 

-Europako testuingurua: Joint Research Centre (JRC) eta DG EMPL-ko ordezkariek gizarte-berrikuntza kohesio-politiketan eta New European Bauhaus ekimenean integratzeko aukerak aztertu zituzten.

-Esperimentazio-portafolioak: ALCek azaldu zuen nola igaro gaitezkeen adituen pentsamenduan soilik oinarritutako kudeaketatik, komunitatearen pertzepzioekin konbinatutako kudeaketa batera, tresna digitalak eta IA erabiliz erabakiak hartzeko prozesua indartzeko.

-Eskalatzea eta sistema-aldaketa: John Healyk eta Niamh Lallyk (Genio) Irlandako politika eta finantzaketa-fluxuak eraldatzea lortu duten berrikuntza nazionalak eskalatzeko esperientzia partekatu zuten.

-Enplegu-sorrera eskala handian: Marta Solsonak (”la Caixa” Fundazioa) Work4progress programak bultzatutako enplegurako berrikuntza-zorroen esperientzia aurkeztu zuen.

 

Arratsaldeko eztabaidan, Europako funtsen deialdi berriek komunitate-ikuspegia eta perspektiba sistemikoa nola uztartu ditzaketen aztertu zen. Bertaratutakoek —besteak beste, King Baudouin Foundation, Philea eta Draper Richards Kaplan Foundation-eko ordezkariak— bat etorri ziren: sistema-aldaketa desblokeatzeko "ezkutuko faktorea" diseinu-prozesutik kanpo geratu ohi diren ahotsak modu errealean integratzea da. Helburua da Europak eta erakunde filantropiko nagusiek proiektuak finantzatzeaz gain, herritarrekin batera ikasteko eta eboluzionatzeko gai diren esperimentazio-zorroak bultzatzea.