K2 copia (7)-39

Tokiko zaintza ekosistemak

Testua: Matxalen Legarreta, K Aldizkaria-ren 2 alean argitaratua
Argazkiak: Vicente Paredes

Zaintza eredu berri bat eraikiz

Zaintza askotariko jarduerek osatzen dute eta testuinguru eta garaiaren arabera ezberdina da zaintzatzat jotzen duguna. Zaintza da haur zein adineko bati jaten ematea, fardela aldatzea, nola dagoen galdetzea eta erantzuna jaso aurretik bere beharrak asetzea. Zaintza da baita ere komuna garbitzea, ohea egitea eta garbigailutik arropak atera eta sikatzen jartzea. Zaintza da hurrengo eguneko gosarirako esnea falta dela gogoratzea eta lantokitik etxerako bidean erostea. Zaintza da auzokoaz arduratzea eta bere etxera erosketak hurbiltzea, berak eramateko aukerarik ez badu. Jarduera hauek guztiak komunean dutena da ezinbestekoak direla. Zaintzarik gabe, ez dago bizitzarik. Eta elkarbizitzaren oinarria ere bada zaintza.

 

Banakoak elkar-mendekoak eta ekomendekoak gara. Hau da, bizirauteko elkarren beharra dugu eta baita ere inguruaren beharra. Zaintzak bizitzako momentu oro zeharkatzen du, nahiz eta une batzuetan, bizitzaren hasiera eta amaieran batez ere, intentsitate handiagoarekin behar dugun norbaitek zaindu gaitzan. Zaintza norabide bikoitzeko harremana da gainera. Guztiok dugu zaintza jasotzeko beharra eta emateko gaitasuna. Zaintza guztion ardura da, ez da arazo indibiduala edo etxeko-arazoa. Auzi politikoa da. Horregatik, bermatuta izan beharko genuke zaintza jaso eta emateko eskubidea.

Nork hartzen du bere gain zaintza beharrak asetzeko ardura?

 

Gaur egun gure jendartean zaintza beharrak batez ere familiak asetzen ditu. Gurea zaintza eredu familista da, mediterraneoko beste herrialdeetakoa bezala. Horrek esan nahi du, zaintza premiak hornitzea familiaren ardura dela ulertzen dugula. Eta familia esaten dugunean, emakumeak esan nahi dugu. Emakumeok hartzen dugu gure gain zaintza lanen bolumen handiena, bai etxeko zaintza lanean baita ere ordainduta egiten denean. Hala, zaintza zerbitzuetan lan egiten duen gehiengoa emakumea da eta etxeko langileak ere emakumeak dira batez ere. Generoak ez ezik beste ezberdinkeria ardatzek ere zeharkatzen dute zaintza: klase sozialak, jatorriak, egoera administratiboak, adinak...

 

Egun, gainera, zaintza eskaria gero eta handiagoa da, gehien bat, biztanleriaren zahartzea (edo bestela esanda, biziraupenaren demokratizazioa) dela-eta. Era berean, gero eta zailagoa da eskari horri erantzuna ematea. Aldaketa demografiko, sozial, ekonomiko eta politikoek mahai gainean jarri dute orain arteko zaintza antolaketa krisian dagoela eta pandemiak berretsi egin du hori. Zaintza beharrei erantzun eta zaintza eredua aldatzeko helburuarekin Gipuzkoan Tokiko Zaintza Ekosistemak ari dira garatzen udalerri ezberdinetan. Batez ere Zestoakoa eta Pasaiakoa ezagutzen ditut. Zestoako Tokiko Zaintza Ekosistema bere haztapenetan laguntzeko aukera izan dugu Euskal Herriko Unibertsitateko lantalde batek eta Pasaiakoan ebaluazioa egin dugu.

Zer da Tokiko Zaintza Ekosistema bat?

 

Tokiko Zaintza Ekosistemak Gipuzkoako Foru Aldundia bultzatzen ari den ekimena dira. Zaintza HerriLab Estrategiaren markoan kokatzen dira eta Udalen lidergoari esker eta Adinberri Fundazioa eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin sortu eta ari dira garatzen. Tokiko Zaintza Ekosistemen helburua da etxean bizi diren eta hauskortasun eta mendekotasun egoeran dauden adinekoen arreta eta zaintza hobetzea. Horretarako, menpekotasun kasu larriak artatzeaz gain, prebentzioan eta hauskortasunean ere jartzen dute arreta.

 

Zaintza continuum gisa ulertzen dute, askotariko faseetan eta testuingurutan garatzen dena (ez soilik etxean) eta, beraz, askotariko baliabideak behar dituena (eguneko zentroa, etxez-etxeko arreta…). Zaintza continuun moduan ulertuz, Tokiko Zaintza Ekosistema batek erabiltzaileen eta udalerriaren beharretatik abiatuta, osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak integratzen ditu. Era berean, ekimen publikoa, gizarte-ekimena eta ekimen pribatua lotzen ditu arreta eta zaintza ibilbideen diseinu eta kudeaketa pertsonalizatua garatzeko. Tokiko ekimenak direnez, testuinguruaren eta udalerriaren beharren arabera era batera edo bestera ari dira garatzen eta gradu ezberdinean. Hala ere, badituzte komunak diren bost ezaugarri:

 

1) elkarlaneko gobernantza

2) arreta-eredu berriak

3) ikaskuntza eta transferentzia

4) esperimentazioa eta berrikuntza, eta

5) ebaluazioa eta jasangarritasuna.

Zer irakatsi digute orain arte abian dauden Tokiko Zaintza Ekosistemek?

 

Pasaiako Zaintza Ekosistemaren ebaluazioa egiteak aukera eman digu garapen maila handia duen egitasmo batek izan duen eragina kuantitatiboki zein kualitatiboki neurtzeko. Ebaluazioaren ondorio nagusia izan da ekosistemak aldaketa positiboak eragin dituela bai artatzen dituen pertsonetan, baita haien zaintzaz arduratzen diren senide eta profesionaletan ere.

 

Tokiko Zaintza Ekosisteman saretutako eragileen arteko lankidetza estuak lagundu du zaintza premiak dituzten pertsonen beharrak eta preferentziak errazago identifikatzen eta azkarrago erantzuna ematen. Ondorioz, udalerriko zaintza zerbitzuen erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetu da. Gizarte zerbitzuak, etxez-etxeko arreta zerbitzua, eguneko zentroa edo goizeko arreta zentroa bezalako baliabideek erabiltzeari eta udalerrian garatzen diren proiektu esperimentaletan parte hartzeari esker, hauskortasun edo mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonek, autonomiaz eta osasuntsu, gizarteintegrazio handiagoa lortu dutela ondorioztatu dugu. Arreta behar duten adineko pertsonekin egin ditugun elkarrizketetan azpimarratu dute beraien burua artatuta sentitzen dutela, beharren bat dutenean badakitela norengana jo eta erantzuna azkar jasotzen dutela.

 

Gainera, Tokiko Zaintza Ekosistema osatzen duten zaintza zerbitzuen erabiltzaileek asebetetze-maila handia adierazi dute. Inkesta bat burutu dugu hori neurtzeko eta inkestatu ditugunen artean ia hamarretik bederatzik balorazio ona edo oso ona eman die udalerriko gizarte zerbitzuetatik edota beste arreta eta zaintza zerbitzu batzuetatik jasotako arretari. Aldi berean, zeharka bada ere, Tokiko Zaintza Ekosistemak zaintzaileak ere zaintzen dituela ondorioztatu dugu arreta behar duten pertsonen senitartekoekin egindako elkarrizketetan. Zaintza premiak dituzten adinekoak askotariko zerbitzuak erabiltzeak etxeko zaintzaileen lana eta ardura murrizten duela adierazi digute, besteak beste, aisialdirako edo norbere buruarentzako denbora gehiago eskainiz.

 

Emaitza hauek azaltzen dituen faktore nagusia da Pasaiako Tokiko Zaintza Ekosistemak lortzen duela adineko pertsonen zaintza hauskortasun eta konplexutasun profiletara zabaltzea. Alde batetik, ekosisteman prebentzioa aplikatzen da esku-hartzea hauskortasun-profiletara aurreratzeko. Udalerriko gizarte zerbitzuen sailaren berregituraketak eta Hurkoak, Adinkidek eta Ok en Casa proiektu esperimentalek egindako lanak horretan lagundu dute. Bestetik, Tokiko Zaintza Ekosistemak zaintza ibilbide espezifikoak jorratzen ditu kasu konplexuak artatzeko eta, horretarako, Matia Fundazioaren laguntza izan du. Mendetasun-egoeran dauden eta askotariko zaurgarritasun egoerak bizi dituzten pertsonei dago bideratuta kasu konplexuen arreta.

 

Ebaluazioak erakutsi du Pasaiako Tokiko Zaintza Ekosisteman kasu-kudeaketan oinarritutako arreta-eredu berriaren garapenak udalerriko gizarte- eta osasun-arretako zerbitzuetako profesionalen lana ere hobetu duela.

Matxalen Legarretaren testua, K Aldizkaria-ren 2 alean argitaratua

 

K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.