5

Lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. Urteurrena eta Agirre Lehendakaria: Mintegia New Yorken

Ekainaren 9an, lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurreneko egitarau instituzionala aurkeztu da Ajuria Enean.

Urteurrenaren ekimenak hurrengo hilabeteetan luzatuko dira, beste euskal erakundeekin eta herri eragileekin lankidetzan. Nazioarteko egitarauaren barruan, uztailaren 14an Columbia Unibertsitateak urteurrenarekin lotutako jardunaldi nagusietako bat  hartuko du New Yorken, Agirre Lehendakaria bertan irakasle lanetan aritu zela aintzat hartuta. Topaketak gaur egungo erronka demokratikoei buruzko elkarrizketa sustatuko du.

Agirreren oroimena eta gaur egungo erronkak Columbia Unibertsitatean

Lehendakaritzak antolatutako jardunaldi hau Nazio Batuen Goi Mailako Foro Politikoaren (HLPF) esparruan kokatzen da. Columbia University-k hartuko du topaketa, eta bertan Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Gobernua, Agirre Lehendakaria Center, HiTZ (Hizkuntza Teknologiaren Euskal Zentroa) eta Columbia Unibertsitateko adituak elkartuko dira.

 

Topaketaren helburu nagusia demokraziaren erronka handiei buruzko hausnarketa globala egitea eta erronka sozial konplexuei heltzeko tresna digital berriei buruzko eztabaida bultzatzea izango da, arreta berezia jarriz polarizazioaren ondorio negatiboetan. Horretarako, bi gobernuek arlo honetan garatutako herri-estrategiak partekatuko dituzte. Era berean, Agirre Lehendakaria Centerrek eta AC4 zentroek K Tool, tresna digitala aurkeztuko dute, ingurune digitaletako polarizazioaren kudeaketan lankidetza-bide berriak aztertzeko aukera emango duena.