urd-bideo-5-eusk-1

Busturialdea-Urdaibaiko entzute prozesuaren interpretazino kolektiboko lehen saioak hasi dira

Azken asteotan, Busturialdea-Urdaibain entzuteko prozesuaren interpretazino kolektiboko lehen saioak jarri doguz martxan. Espazio horien helburua da proiektuaren aurreko faseetan jasotako aurkikuntzak modu kolaboratiboan eta edegian barrinterpretatzea, narratibak kontrastatuz, analisiak baliozkotuz eta ikerketa- eta ekintza-ildo barriak sortuz. Eztabaidaguneak dira, ibilpide eta ikuspegi desbardinak dabezan personak eta erakundeak biltzen dabezanak, eta konfrontazio-logikatik alkar autortzeko logikara igaroteko aukera emoten dabenak.

Lehen saio honeek aztertutako profil etnografikoen inguruan antolatu dira, alkarrizketa sustetako galderekin batera: ezagutzen al dozu zeure burua narratiba hauetan? Onartzen dozu existiduten dirala? Zer falta da? Zer dago sobran? Zelan zehaztuko zeunkez profilak?

 

Holan, emaitzak baliozkotzea baino gehiago, espazio horreek kolektiboki barrinterpretatzen, puntu itsuak detektatzen eta prozesua ikuspegi barriekin aberasten laguntzen deuskue. Orain arte Ibarrangelu, Murueta, Bermeo eta Gernikan egin doguz saioak, eta hurrengoa Elantxoben izango da. Bileretan tokiko alkateek, entzute prozesuan parte hartu daben pertsonek eta eskualdeko eragile garrantzitsuek parte hartu dabe.

 

Ariketa puntuala izan beharrean, interpretazino-saio horreek prozesu osoan zehar errepikatuko dira. Horietan, parte-hartzaileen arteko loturak indartzen dira, ezagutzaren ekoizpena demokratizatzen da eta analisiaren jaubekuntza partekatua sustetan da. Logika horretatik abiauta, interpretazino kolektiboa ez da tresna tekniko bat bakarrik, barrikuntza sozial edegiago, kokatuago eta pluralago baten aldeko apustu politikoa baizik.

 

Harrera oso positiboa izan da. Ekarpenen aniztasunak eta entzute aktiboko giroak erakutsi dabe espazio horreek analisi teknikoekin batera sortzeko balioa dabela. Lanean jarraitzen dogu udagoienean saio horreek zabaltzeko, ahots barriak sartzen dirala bermatzeko eta partekatutako ikaskuntzak dokumentetako.