Eusko Jaurlaritzaren 90. Urteurrena: Nazioarteko mintegia Columbia Unibertsitatean
Aurten Eusko Jaurlaritzaren lehen gobernua eratu zeneko 90. urteurrena ospatzen da. Gertakari hori dela eta, Agirre Lehendakaria Centerrek, bere bazkide estrategikoa den AC4-Columbia University erakundearekin elkarlanean, mintegi akademiko bat antolatu du New Yorken, ondare hori balioan jartzeko eta haren ideiak gaur egungo eztabaidekin lotzeko: polarizazio politikoari aurre egiteko tresna digital berriak eta demokrazia sendotzeko azpiegitura berriak.
Mintegiak gaur egungo nazioarteko testuinguruan sistema demokratikoek dituzten erronka nagusiei buruzko hausnarketa partekaturako gunea eskainiko du, bereziki polarizazioaren ondorio negatiboetan arreta jarriz. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak arlo honetan garatzen ari diren estrategiak aurkeztuko dituzte.
Zehazkiago, mintegian AC4-Columbia Universityk eta Agirre Lehendakaria Centerrek eremu digitalean garatzen ari diren ekimenak aurkeztuko dituzte, eta bi erakundeen arteko lankidetza-ildo berriak aztertuko dira, demokrazia sendotzeko eta ingurune digitaletan polarizazioa kudeatzeko.
Mintegiak demokraziaren, gatazken ebazpenaren eta berrikuntza digitalaren arteko elkargunean diharduten nazioarteko akademiko, arduradun publiko eta berritzaile nagusiak bilduko ditu. Parte-hartzaileen artean izango dira Jeffrey Shaman, Columbia Climate Schooleko dekanorde nagusia; Peter T. Coleman, Beth Fisher-Yoshida eta Josh D. Fisher, AC4-Columbia Universityko ordezkariak; Eusko Jaurlaritzako goi-kargudunak, tartean Ander Caballero eta Asier Aranbarri; HiTZ - Hizkuntzaren Teknologiako Euskal Zentroko (Euskal Herriko Unibertsitatea -EHU) ikertzaileak; eta Kataluniako Generalitateko ordezkariak, Clelia Colombo eta Gemma Galdón, besteak beste.