IMG_9828

Berrikuntza eraldatzailea Medellinen

Agirre Lehendakaria Centerreko lantaldea Santiago J. Echevarria Kolonbiako Antioquiako Zientzia eta Teknologia Zentroko (CTA) ordezkariarekin bildu da aste honetan. Distantziak distantzia, bi testuinguruek erronka bera dute: unibertsitateak, enpresak, gizarte zibila eta administrazio publikoa denbora errealean konektatuko dituzten berrikuntza inklusiboko estrategiak garatzea.

 

Topaketak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza politiken inguruko truke saio bat izan zuen helburu, elkarrengandik ikasteko espazio bat sortzera bideratua. Jardunaldi hau Eusko Jaurlaritzak ALCren bitartez (Cristina Uriarteren zuzendaritzapean) bultzatutako "ZTI politiken gizarte-eragina Euskadin (1980-2030)" ikerketaren parte da. Proiektu honek euskal I+G+b-aren ia 50 urteko ibilbidea aztertzen du elkarlanean, etorkizuneko estrategia eta nazioarteko kokapena indartuko duten ikaskuntzak erauzteko.

Euskadi eta Medellin konektatzen

Goizean zehar, Euskadiko ikerketaren lehen emaitzak Medellin eta Antioquiako esperientziarekin kontrastatu ziren. Elkarrizketaren ardatza berrikuntza eraldatzaileko ereduak nola bultzatu izan zen, desberdintasun sozial eta ekonomikoari aurre egiteko beharra kontuan hartzen ez duten berrikuntza eredu tradizionalagoen aldean. Modu berezian, topaketak bideak arakatzeko balio izan zuen, Medellin hiriak Kolonbia mailan Berrikuntza Distritu Berezi izendatua izana nola aprobetxa dezakeen aztertzeko.

Aztertzeko eta bistaratzeko tresna digitalak

Saioaren bigarren zatiak K tool tresna digitalaren erabileran jarri zuen fokua, ALCk dokumentazioa biltzeko, eragileak mapatzeko eta prozesu konplexuen narrazioak bistaratzeko garatutako tresna, hain zuzen ere. CTAren aldetik, oso modu positiboan baloratu zuten tresnak ezagutzaren kudeaketarako eta erakunde-esperientziaren (expertise) ondorengotzarako duen potentziala, eta garapen-lerro berriak iradoki ziren.