Plazatik berritu: Gizarteratzeko Bizitza Independentearen VIII. Jardunaldia
Joan den ostegunean, azaroaren 12an, Agirre Lehendakaria Center Villanublan (Valladolid) izan zen, Plena inclusión Castilla y León erakundeak antolatutako Bizitza Independentearen VIII. Jardunaldia: Bizitza oso baterako teknologia topaketan parte hartzen. Gizarte-erakunde, profesional eta adituekin begirada partekatzeko topagunea izan zen, funtsezko gai baten inguruan hausnartzeko: nola erabili teknologia berriak eta berrikuntza gizarte-eraldaketako prozesuak bultzatzeko, alderantzizko egokitzapen batean erori gabe, hau da, makinara egokitu behar direnak pertsonak izan ez daitezen.
Julen Larrañagak (ALC) ideia xume baina funtsezko batekin ireki zuen jardunaldia: berritzea ez datza soilik tresna digital sofistikatuak garatzean, baizik eta pertsonek komunitatean bizi eta erabaki ahal izateko baldintzak sortzean. Ildo horretan, azpimarratu zuen Plena inclusión bezalako erakundeek —Mi Casa bezalako ekimenen bidez— dagoeneko egiten dutena egokitzapen-ariketa handi bat dela: laguntzak, inguruneak eta teknologia bera pertsonetara egokitzea, eta ez alderantziz. Horrela, sareen mapeoa, WhatsApp bidezko etengabeko entzuketa edo datu-kooperatibak bezalako tresnak jokoan sartzen dira auzoko elkarrizketak zabaltzeko eta laguntza horiek indartzeko.
Plazan biribilean eserita, euren auzoko bizitzari buruz hizketan ari zen pertsona-talde baten eszena arruntak goizeko hausnarketa interesgarrienetako bati eman zion bide. Orduan, Marcos Alonsok (UCM) Gregorio Marañonen erantzun ospetsu bat ekarri zuen gogora: medikuntzako asmakizun garrantzitsuena zein zen galdetu ziotenean, aulkia seinalatu zuen, beste pertsonaren ondoan esertzeko, begietara begiratzeko eta haren istorioa enpatiaz entzuteko aukera ematen duelako.
Irudi horrek oso ondo laburbiltzen du jardunaldiaren espiritua: gailuez, adimen artifizialaz edo konponbide digitalez hitz egin aurretik, berrikuntza pertsona bakoitzak zer-nolako bizitza eraiki nahi duen entzuteko esertzearekin hasten da.