Inclusive Futures Belfasten
Home Gure lana Transferentzia Inclusive Futures Belfasten
Joan den otsailaren 24an, Agirre Lehendakaria Centerrek Belfasteko Udalak antolatutako "Belfast Inclusive Futures" topaketan parte hartu zuen. Ekitaldi horien helburua hirian hazkunde inklusiboa nola bermatu aztertzea da, sortzen ari diren teknologiek (adimen artifizialak, esaterako) planteatzen dituzten erronken eta aukeren aurrean.
Gobernu, industria, akademia eta tokiko eta nazioarteko komunitateetako ordezkariak bildu ziren, berrikuntza irekiaz eta lurralde-lehiakortasunarekin, elkarlaneko gobernantzarekin eta gizarte-arazo konplexuen dimentsio kulturalarekin duten harremanaz eztabaidatzeko. Politika publikoaren eta garapen ekonomikoaren esparru tradizionaletatik harago benetako inpaktua sortzeko gai diren berrikuntza-ekosistemak antolatzeko modua izan zuen ardatz.
Elkarrizketaren ardatz nagusietako bat azpiegitura komunitarioa izan zen. Belfast-ek ehunka erakunde ditu, horietako asko laurogeita hamarreko hamarkadan sortuak, eta gaur egungo erronketara gutxi egokitzen diren antolaketa-ereduekin eta metodologiekin lan egiten jarraitzen dute. Eztabaida horretan, berrikuntza digitalak erakunde horiek beren komunitateekin duten lotura nola indartu dezakeen aztertu zen, gobernuekin, unibertsitateekin eta industriarekin lankidetza estuagoa izatea erraztu, eta etxebizitza, etxegabetasuna, enplegua edo mugikortasuna bezalako erronken kultura- eta harreman-dimentsioa txertatzeko gai diren tresnak garatu.
Ipar Irlandan egon zen bitartean, ALCko taldeak bilerak euki ditu Belfasteko Gobernuarekin, Northern Ireland Executiveko ordezkariekin eta Ulster Universityko John Hume eta Thomas P. O 'Neill in Peace Katedrako taldearekin, lankidetzarako aukerak bilatzeko. Topaketa horietan, besteak beste, gatazkak kudeatzeko eta herritarren partaidetzarako K-Tool aplikazioak aztertu ziren.