Dastagunea
Home k aldizkaria Dastagunea
Harkaitz Canoren artikulua, K aldizkariaren 1. zenbakian argitaratua
Beharrezkoa al zen, benetan? Zergatik bakar bat, zergatik zentraltasun hori, zertan uko egin norbere aberastasunari modu sinplifikatzaile horretan?
Bizitzan barrena idi-kartolekin ibiltzeaz hitz egingo nizueke, baldin gaur egungo gazteok idi bat zer den jakingo bazenute. Idia esan dut, bai, ez hiria. Alferrik nenbilke. Biodibertsitatea eta aniztasuna laudatzen diren sasoian, ez al da erabaki zinez atzerakoia eta esentzialista hainbeste osagaien artean bakar bat aukeratu eta, ondorioz, beste guztiak baztertu eta albo batera lagatzea? Nagusia eta zerbitzariak. Jauntxoa eta jopuak. Protagonista eta figuranteak. Bat hautatu eta laudatzeak bigarren mailan utziko zituen beste guztiak. Eta, zertan uka, behin lehia sutsuan sarturik, hotz eta motz esanda, bata irabazle izango zen, besteak galtzaile. Ez al zen krudela eta bidegabea?
Zergatik definitu geure burua ezaugarri, adjektibo, elikagai bakar batekin? Ez al gaitu horrek karikatura soil bihurtzen, klixe menostua? Ezin izan gaitezke, akaso, izaki egarbera, irrikatsu, orojale eta oromaitale?
Nire susmoa da gutxi zirela lehia zoro hartan benetan sinesten zutenak. Baina demak ematen du protagonismoa eta lehiak erakartzen arreta, hori da humanitatearen festa. Askotan gertatu ohi zenez, adierazpen publikoetan esandakoa ez zetorren beti norberak pentsatzen zuenarekin bat, eta disimulatzen ere ez ziren lehian sartutako alderdi guztiak berdin saiatzen. Fedea non, erantzuna han. Batek daki fedea non bizi zaigun... Fedea zeri diogun eta zenbat, hori ezkutatzen ikastea ez ote da, funtsean, bizirik irauteko lehen pausoa?
Aukeratu beharra omen zegoen, beraz. Konbentzitu ziren eta konbentzitu gintuzten. Identifikatu egin behar gintuzten kanpotik, aise eta erraz, lehen begiratuan. Dida eta zirtzart. Herri bezala, mezu uniboko eta garbi bat adierazi –jaurti?– beharra zegoen, estatu berri bakoitza merkatu globalean ikusgarri egingo zuena. Eta euskal errepublika ez zen horretan salbuespena, noski. Inguruko herrialdeekiko mesfidantza larregi eragiten zuten salbuespenezko egoera gehiegi pairatua baitzen jada azken hamarkadatan gure errepublika subirano gaztea, ez gara orain inguruabar tamalgarri horiek guztiak banan-banan aletzen hasiko. “Ezin dugu beti salbuespen ekoizleak bagina bezala pentsatu”, bota zuen Hedoi Abdelaziz Iriarte, errepublikako lehendakari ilargitarrak, halako sarkasmo laino batez, eta, zernahi esan nahi zuela ere esaldi biribil hark, baiezkoa egin zuten aho batez bere sailburu eta aholkulari guztiek. Zalantzen sasoia amaitu zen: inguruarekin homologatu beharra zegoen, beste guztiak bezalakoa izan, gainerakoek zuten ahotsaren eta indarraren jabe egiteko gu ere. Eta, behin ahots eta indar hura geureganatu eta egonkortu ostean, orduan bai, ahots horrekin berberarekin, norbera ezberdina zela aldarrikatu ahalko genuen agian. Baina ez oraindik, oraindik ez zen unea. Pleonasmoa ala oximorona ote zen estrategia hura? Lokamuts nazionalista, apika? Ez bata, ez bestea eta ez hirugarrena ere, ziur aski. Kontraesana non, erantzuna han. Eta kontraesanak ezkutatzen eta haiekin bizitzen ikastea ez ote da, bada, bizirik irauteko bigarren urratsa?
Kondenatuta geunden, nonbait. Berriro ere eta enegarrenez, erdi bitan banatua zegoen populazioa azken ballottage har tan. Borroka luzea izan zen bur uz burukora heldu aurretik eta bidean geratu ziren hautagaietako asko. Lobby indartsuak izatea ez zen nahikoa posizionamendu global hartan aurrera egiteko. Horren lekuko, Arabako patata eta Tolosako babarrun beltzak, erortzen lehenak izan zirenak. Ez hainbeste haien egokitasuna edo unibertsaltasuna auzitan jartzen zelako, baizik eta joko-zelaia globala zelako, hain zuzen: Mexiko Bis eta Kuba Réplica norgehiagoka desesperatuan ari ziren frijolen esklusiba bereganatu nahian, eta apenas geratzen zen hor lekurik tolosarrentzat. Lursagarren kasua are nabarmenagoa zen, London City Moon State eta Lunar United States-ak borrokan ari zirelako haien fish & chips eta french frites jatorrizko izendapenaren labelarekin, bietan nor ordezkaritzaren jabe egingo, Frantzia Berriak iparramerikarrek french izendatzen zituzten patata haiei beste izenondo bat jartzeko tarteratua zuen alegazioak auzia izoztuta mantentzen zuen arren, Auzitegi Ilargitar Konstituzionalak noiz ebatziko zain.
Lehia sinplifikatzaile hartan, abantailan zeuden aspaldiko hamarkadatan haien nazioarteko irudia produktu jakin bakar bati lotutako herrialdeak. Moon Zeeland zen, jakina, haietako bat. Nor ausartuko zen haiek kiwiekin zuten hegemonia zalantzan jartzen edo Frantzia Berriak orotariko gaztekin zuena auzitan ipintzen? Ez zuen ba, Charles de Gaulle Frantzia Lurtarreko presidente zenak behin esan, berrehun gazta mota ezberdin dituen herrialde bat gobernatzea ezinezkoa dela? Azken honen karietara, Frantzia Ilargitarrean ere ez zen barne borrokarik falta, baina Camembert-a zihoan inkesten arabera garaile momentuz, Roquefort-ak ezpatak eta kutxiloak altu zituen arren oraindik, Reblochon-ak eta Saboiako Emmental gaztak haien hautagaitzak bertan behera utzi zituztenez gero, aliantza bakarrean batu eta gazta urdinaren alde presioa egiteko.
Pertsonalki, bi une gogor bizi izan nituen prozesuan. Lehena, baratxuria katalanen alde erori zenean. Pentsatzen jarrita, ez baitago beste janaririk halako izaera hedatua duenik: bisigu, angula, arkume... Baratxuriaren ontologia ahalguztiduna eta boteretsua dadena eta ezer ez: extended garlic–, eta hura hautatzea, hedapen mugimendu zabaltzaile burutsua izan zen. Bere eragin eremua orotarikoa izaki, beste hamaika produktu “kutsatzen” zituen, hainbeste otorduren prestaketan derrigorrezko bihurtuz eta haren ingestiora, eta are, ondorenera ere ukitu katalana hedatuz. Horrela, saihetseko zapore-emaile bat hautatzea, jokaldi jeniala bihurtu zen, xake-mate, nazioarte osoa baldintzatuko zuen gastro-estrategikoki Kataluniak. Bazuten hori, modan jartzen zituzten gauzak. Itxura guztien arabera, haien hautagaitza da hurrengo Joko Moonlinpiarretarako lehian ongien kokaturik dagoena.
Bigarren une gogorra eta zinez mingarria, gaztaina erreak –puntu erdigatik apenas– azken burukotik at geratu zirela jakitean nozitu nuen. Kolpe latza suertatu zen hura gaztainazaleontzat, eta alferrik izan zen Hator, hator kantuaren tradizioaren aldarrikapena zein euskal kantagintza herrikoi lurtarrean agertzen diren jateko nobleak gutxi direla zioen arrazoibidea. Funtsean, “bi zitroi doratü” famatuak, hezurrik ez duen gaztanbera, Laboaren olio-zopa-kikili-salda… eta zenbat elikagai gehiago aipatzen ditu, egiaz, gure kantagintza tradizionalak? Ez dira hainbeste. Hator, hator, ordea, ereserki petoa da, bere txipli-txapla-pun eta guzti. Baina ezagun da gaurko euskaldungo ilargitarrak kantagintza herrikoi lurtarrarekiko duen atxikimendua ez dela jada guk garai batean geneukana. Antzuak gertatu ziren geure ahaleginak eta kontzientziazio kanpainak. Geure hirietako arkitekturan neguan derrigorrezkoak diren gaztaina-saltzaileen postuek dakarten ekarpena seinalatzeak ere ez zuen fruiturik eman. Erreparatu honetan: naturak emandako gai batek hiri-arkitekturan nola eragin dezakeen hamarkada joan eta hamarkada etorri, ez da askotan gertatzen den kontua. Zenbat elikagai daude beren baliokide arkitektoniko propioa eta besterenezina ezinbestean atxikirik dutenak? Gaztaina-saltzaileen txabolatxoa da bakanetakoa, eta guztietan nabarmenena! Jada borroka galdua den arren, beren soilean, gaztaina erreek geure arima sendatzen dutelakoan nago, huraxe baita janari bakarra urdailaz batera eskuak ere berotzen dizkiguna. Morkots ziztakorraren kontraste estetiko zein kontzeptuala ez aipatzearren: gaztainak –gure herriak bezalaxe, bestalde– badaki nola defendatu eta biziraun, noiz trikutu eta noiz askatu. Ez ala? Esajeratzen ari naizela uste duzue? Edonola ere, eta gaztainista garenontzat gaztaina win win bat zen arren, populazioa ez zen iritzi berekoa izan, eta azken ballottagetik kanpo geratu zen gaztaina-indarra. Pena dut inork botoak berriro zenbatzea ez eskatu izana, baina jakina, kliska digitalaren bitartez bozka istantean ematen denez, galtzaile txartzat hartuko gintuzkete halakorik eskatu bagenu. Amore ematen ere jakin behar da.
Heldua zen egiaren unea, beraz. Alde batean errezil sagarra geneukan –hura ere labean erreta onena, edergarririk gabe –, eta bestean, bakailaoa . Zalantza gutxi neukan nik lehia hartan: sagarraren alde lerratuko nintzen duda izpirik gabe. Arrazoitu beharra al dago? Arrazoituko dut, bada, setatzen bazarete… Batetik, sagarra da, ia ziur, gure mundu piktorikoan gehien agertu izan dena, eta ez, beste fruitu askorekin gertatzen den gisan, natura hiletan soilik. Esanguratsuenetako bat aipatzearren, Aurelio Artetaren Euskal erromeria koadroan ageri da, esate baterako. Mexikon tranbia istripu malapartatu hartan hil aurretik Artetak margotu zuen azken koadroetakoa den honetan, erromeria jendetsuan, zelaian eserita piknika egiten ari den emakumeak sagar bat du eskuan, pareko gizonezkoak adar batean sartuta erroskilla glasatu sorta daraman oinezko emakume bati baxoerdi batekin diosal egiten dion bitartean. Koadroa zinez da ederra; sagarraren eskaintza dago hor, musika eta festa, fandangoa eta bizipoza, taldearen taupada eta giro oneko ospakizuna. Laburbilduz: herri baten arnasa eta pultsua. Eder da sagarra eder denez inoren eskuetan, eder da bodegoietan, baina ederragoa da are zuhaitzetik zintzilik dagoenean… Dario de Regoyosek ongi zekien, Pasai Donibaneko portuko zezenketaren margo hura gogora ekarri besterik ez dago: Pasaiako bokalaren bestaldean, bandera espainiarrez beteriko balkoien pean zezenketa jendetsu eta ageri da portuan. Alta, auskalo zergatik, zezenketa hura distantziatik, bokalaren beste aldetik, Pasai San Pedrotik margotzea hautatu du margolariak, horretarako lehen planoan sagarrondo bat jarrita. Sagarrez betetako sagarrondo bakarti hark kontraste itzela egiten dio koadroaren hondoko korrida jendetsuari, lurraren eta gizakiaren, naturaren isiltasunaren eta festaren harrabotsaren arteko elkarrizketa bat ezarriz. Zelanbait, zezenketa hura erlatibizatu edo urrundu egiten du Regoyosek, distantzia hartzen du eta garrantzia kentzen dio, izadiaren elementuei protagonismo gehiago emanez –itsasoa, sagarrondoa–, haiek ederretsiz eta hobetsiz gizakiak sortutako ankerkeriaren aurrean; eta, zertan ez, zezenke tako bandera espainiarren aurrean geure banderarik gabeko euskaltasuna ere islatzen du: sagarrondoen pareko banderarik, ba ote? Urrunegi noala uste duzue? Benetan? Ezta batere! Izan ere, nola liteke japoniarrek haien gereziondoen loratzearekin halako mistika suerte bat garatu izana, eta guk, aldiz, loretan dauden gure sagarrondo zuri modu-berean-zoragarriekin gauza bera egiteko gaitasunik ez izatea? Asko daukagu ikasteko, adiskide ilargitarrok! Sagarraren aldeko arrazoibide gehiago behar dituzue, epaimahaikide jaun-andreok? Ez naiz ni izango ukatuko dizkizuena, e? Hortxe duzue Ruper Ordorika folk abeslari lurtar klasikoak abesten zuen Sagarrondo bati sehaska kanta oda paregabea, Bernardo Atxagaren hitzak dituena eta aurton ehun urte biribil bete berri dituen Hautsi da Anphora disko iraultzailean argitara eman zena. Zertarako janari bat aukeratu, zertarako zapore bat goretsi, zertarako ordezkatuko gaituen dasta-ñabardura bat hautatu, baldin eta dastatzen dugun horren atzean ez badago berau irudikatzen duen narratibarik, poemarik, kanturik, margolanik? Edo kultura gara, edo ez gara ezer, lagun maiteok! Dudarik gabe, geure burua modu erredukzionista honetan jibarizatu eta elikagai bakarrera ekarri beste erremediorik ez badago, nik sagarrari emango nioke bozka. Haren alde egingo dut kanpaina. Gauza bera egitera gonbidatzen zaituztet.
Sagarra ala hil!
Jakin bagenekien ez zela erraza izango, hasiera-hasieratik hartu genion susmoa. Bakailaoak probintzia artekotasun suerte bat zeukan –kibbutz biren arteko aliantza–, pil-pilzaleak eta bizkaitar erara prestatzen zutenak bat etorri baitziren behingoz hautagaitza bakarra aurkezteko. Aitortu behar da arrantzaren epika eta gatzatzearen mistika bere alde zituela bakailaoak; bakailao xaflak olioarekin kontaktuan sartzean obratzen den mirariaz ez mintzatzearren… Hori gutxi balitz, bibliografia esanguratsua ere badu, apologia egiten dion Mark Kurlanskyren Bakailaoa: mundua aldatu zuen arrainaren historia saiakera ospetsua lekuko. Betikoa… Etortzen da amerikar bat gurea laudatzera eta gu liluratuta geratzen gara, lerdea darigula. Euskal errepublikako ilargitarrok onetik daukaguna ederresteko dugun ezgaitasuna! Kurlansky, diozue? Sagarrak, lege zaharra eta jainkoa zituen alde, Biblia bera! Zenbat bakailao ageri da, bada, Biblian? Txakolina eta bakailaoarekin obratu zuen, akaso, Jaunak miraria? Bai, badakit gaur egungo gazteok ez duzuela literaturarik irakurtzen, ez du zuela sobera preziatzen zientzia fikzioaren erpina den Biblia anonimo hura, baina... Ez didazue ukatuko sagarrak bere dituela soiltasuna, sagardoaren hurrup edo klika eta bekatorosen ukitu jostaria... Beldur nintzen legez, uste baino gutxiago gara, ordea, bekatorosak.
Bagenekien, jakin, zaila izango zela. Galtzea, gerta zitekeen zerbait zen, kirol-legez onartuko genukeen arerioak joko garbian aritu izan balira. Azpijokoa da zilegi ez dena. Ez dut mikatz itxurarik eman nahi, baina onartuko didazue prozesua ez dela batere txukuna izan: errezil sagarra errege sagarrarekin nahasi eta fruitu antierrepublikarra zela esatea, eta horren ondoren etorri zen guztia, deep fake bidezko kanpaina sutsu eta afrusa...
Alferrik defendatu genuen sagarzaleok sagarraren multilateraltasuna, muztioaren gozoa, Lurrean bezala Ilargian biribilgune eta lorategietan sagarrondoak landatzearen aukera, upategien lilura eta cyberturismoa erakartzeko aukera –demagun ciderturismo deitzen diogula–... Baina oraingoan inkestek ez zuten hutsik egin: ballottagean, sagarra galtzaile. Hamar puntu baino gehiagoko aldeaz, gainera. Nabarmen.
Bakailaoak irabazi du, beraz. Ados eta bego. Bakailaoak ordezkatuko gaitu aurrerantzean Nazioarteko Ilargi Estazioko Dastagunean. Eta ongi dakizuenez, turismo fisikoa egitea debekatu zenetik, dastagune orbitala da herrien nortasuna mihi puntara ekartzeko geratzen den modu bakarra.
Ohitu egingo gara denborarekin, ze erremedio. Ohitu, bakailao jendea izatera. Hurrengo borroka aurreikus dezaket jada: Euskal Ilargi Estazioa utzi eta Lurrera bakailao kuota harrapatzera nor joango den deliberatzea izango da, noski, sestra sortuko duena. Mare Tranquillitatisen ez baitago arrainik, eta gaur egungo teknologiarekin ez baita kibbutzetan kautibitatean bakailaorik hazteko modurik asmatu.
Leihora hurbildu eta aspaldi batean urdin izan zen planeta idorrari begira, gaur gaurkoz, nostalgiak eragozten dit ebaztea gaztaina baten edo errezil sagar baten tankera handiagoa ote duen behiala desertatu genuen Lur planeta maitatu bezain mailatuak.
K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.