Categoría k aldizkaria
Dastagunea
Home k aldizkaria
Harkaitz Canoren artikulua, K aldizkariaren 1. zenbakian argitaratua
Beharrezkoa al zen, benetan? Zergatik bakar bat, zergatik zentraltasun hori, zertan uko egin norbere aberastasunari modu sinplifikatzaile horretan?
Bizitzan barrena idi-kartolekin ibiltzeaz hitz egingo nizueke, baldin gaur egungo gazteok idi bat zer den jakingo bazenute. Idia esan dut, bai, ez hiria. Alferrik nenbilke. Biodibertsitatea eta aniztasuna laudatzen diren sasoian, ez al da erabaki zinez atzerakoia eta esentzialista hainbeste osagaien artean bakar bat aukeratu eta, ondorioz, beste guztiak baztertu eta albo batera lagatzea? Nagusia eta zerbitzariak. Jauntxoa eta jopuak. Protagonista eta figuranteak. Bat hautatu eta laudatzeak bigarren mailan utziko zituen beste guztiak. Eta, zertan uka, behin lehia sutsuan sarturik, hotz eta motz esanda, bata irabazle izango zen, besteak galtzaile. Ez al zen krudela eta bidegabea?
Zergatik definitu geure burua ezaugarri, adjektibo, elikagai bakar batekin? Ez al gaitu horrek karikatura soil bihurtzen, klixe menostua? Ezin izan gaitezke, akaso, izaki egarbera, irrikatsu, orojale eta oromaitale?
Nire susmoa da gutxi zirela lehia zoro hartan benetan sinesten zutenak. Baina demak ematen du protagonismoa eta lehiak erakartzen arreta, hori da humanitatearen festa. Askotan gertatu ohi zenez, adierazpen publikoetan esandakoa ez zetorren beti norberak pentsatzen zuenarekin bat, eta disimulatzen ere ez ziren lehian sartutako alderdi guztiak berdin saiatzen. Fedea non, erantzuna han. Batek daki fedea non bizi zaigun... Fedea zeri diogun eta zenbat, hori ezkutatzen ikastea ez ote da, funtsean, bizirik irauteko lehen pausoa?
Aukeratu beharra omen zegoen, beraz. Konbentzitu ziren eta konbentzitu gintuzten. Identifikatu egin behar gintuzten kanpotik, aise eta erraz, lehen begiratuan. Dida eta zirtzart. Herri bezala, mezu uniboko eta garbi bat adierazi –jaurti?– beharra zegoen, estatu berri bakoitza merkatu globalean ikusgarri egingo zuena. Eta euskal errepublika ez zen horretan salbuespena, noski. Inguruko herrialdeekiko mesfidantza larregi eragiten zuten salbuespenezko egoera gehiegi pairatua baitzen jada azken hamarkadatan gure errepublika subirano gaztea, ez gara orain inguruabar tamalgarri horiek guztiak banan-banan aletzen hasiko. “Ezin dugu beti salbuespen ekoizleak bagina bezala pentsatu”, bota zuen Hedoi Abdelaziz Iriarte, errepublikako lehendakari ilargitarrak, halako sarkasmo laino batez, eta, zernahi esan nahi zuela ere esaldi biribil hark, baiezkoa egin zuten aho batez bere sailburu eta aholkulari guztiek. Zalantzen sasoia amaitu zen: inguruarekin homologatu beharra zegoen, beste guztiak bezalakoa izan, gainerakoek zuten ahotsaren eta indarraren jabe egiteko gu ere. Eta, behin ahots eta indar hura geureganatu eta egonkortu ostean, orduan bai, ahots horrekin berberarekin, norbera ezberdina zela aldarrikatu ahalko genuen agian. Baina ez oraindik, oraindik ez zen unea. Pleonasmoa ala oximorona ote zen estrategia hura? Lokamuts nazionalista, apika? Ez bata, ez bestea eta ez hirugarrena ere, ziur aski. Kontraesana non, erantzuna han. Eta kontraesanak ezkutatzen eta haiekin bizitzen ikastea ez ote da, bada, bizirik irauteko bigarren urratsa?
Kondenatuta geunden, nonbait. Berriro ere eta enegarrenez, erdi bitan banatua zegoen populazioa azken ballottage har tan. Borroka luzea izan zen bur uz burukora heldu aurretik eta bidean geratu ziren hautagaietako asko. Lobby indartsuak izatea ez zen nahikoa posizionamendu global hartan aurrera egiteko. Horren lekuko, Arabako patata eta Tolosako babarrun beltzak, erortzen lehenak izan zirenak. Ez hainbeste haien egokitasuna edo unibertsaltasuna auzitan jartzen zelako, baizik eta joko-zelaia globala zelako, hain zuzen: Mexiko Bis eta Kuba Réplica norgehiagoka desesperatuan ari ziren frijolen esklusiba bereganatu nahian, eta apenas geratzen zen hor lekurik tolosarrentzat. Lursagarren kasua are nabarmenagoa zen, London City Moon State eta Lunar United States-ak borrokan ari zirelako haien fish & chips eta french frites jatorrizko izendapenaren labelarekin, bietan nor ordezkaritzaren jabe egingo, Frantzia Berriak iparramerikarrek french izendatzen zituzten patata haiei beste izenondo bat jartzeko tarteratua zuen alegazioak auzia izoztuta mantentzen zuen arren, Auzitegi Ilargitar Konstituzionalak noiz ebatziko zain.
Lehia sinplifikatzaile hartan, abantailan zeuden aspaldiko hamarkadatan haien nazioarteko irudia produktu jakin bakar bati lotutako herrialdeak. Moon Zeeland zen, jakina, haietako bat. Nor ausartuko zen haiek kiwiekin zuten hegemonia zalantzan jartzen edo Frantzia Berriak orotariko gaztekin zuena auzitan ipintzen? Ez zuen ba, Charles de Gaulle Frantzia Lurtarreko presidente zenak behin esan, berrehun gazta mota ezberdin dituen herrialde bat gobernatzea ezinezkoa dela? Azken honen karietara, Frantzia Ilargitarrean ere ez zen barne borrokarik falta, baina Camembert-a zihoan inkesten arabera garaile momentuz, Roquefort-ak ezpatak eta kutxiloak altu zituen arren oraindik, Reblochon-ak eta Saboiako Emmental gaztak haien hautagaitzak bertan behera utzi zituztenez gero, aliantza bakarrean batu eta gazta urdinaren alde presioa egiteko.
Pertsonalki, bi une gogor bizi izan nituen prozesuan. Lehena, baratxuria katalanen alde erori zenean. Pentsatzen jarrita, ez baitago beste janaririk halako izaera hedatua duenik: bisigu, angula, arkume... Baratxuriaren ontologia ahalguztiduna eta boteretsua dadena eta ezer ez: extended garlic–, eta hura hautatzea, hedapen mugimendu zabaltzaile burutsua izan zen. Bere eragin eremua orotarikoa izaki, beste hamaika produktu “kutsatzen” zituen, hainbeste otorduren prestaketan derrigorrezko bihurtuz eta haren ingestiora, eta are, ondorenera ere ukitu katalana hedatuz. Horrela, saihetseko zapore-emaile bat hautatzea, jokaldi jeniala bihurtu zen, xake-mate, nazioarte osoa baldintzatuko zuen gastro-estrategikoki Kataluniak. Bazuten hori, modan jartzen zituzten gauzak. Itxura guztien arabera, haien hautagaitza da hurrengo Joko Moonlinpiarretarako lehian ongien kokaturik dagoena.
Bigarren une gogorra eta zinez mingarria, gaztaina erreak –puntu erdigatik apenas– azken burukotik at geratu zirela jakitean nozitu nuen. Kolpe latza suertatu zen hura gaztainazaleontzat, eta alferrik izan zen Hator, hator kantuaren tradizioaren aldarrikapena zein euskal kantagintza herrikoi lurtarrean agertzen diren jateko nobleak gutxi direla zioen arrazoibidea. Funtsean, “bi zitroi doratü” famatuak, hezurrik ez duen gaztanbera, Laboaren olio-zopa-kikili-salda… eta zenbat elikagai gehiago aipatzen ditu, egiaz, gure kantagintza tradizionalak? Ez dira hainbeste. Hator, hator, ordea, ereserki petoa da, bere txipli-txapla-pun eta guzti. Baina ezagun da gaurko euskaldungo ilargitarrak kantagintza herrikoi lurtarrarekiko duen atxikimendua ez dela jada guk garai batean geneukana. Antzuak gertatu ziren geure ahaleginak eta kontzientziazio kanpainak. Geure hirietako arkitekturan neguan derrigorrezkoak diren gaztaina-saltzaileen postuek dakarten ekarpena seinalatzeak ere ez zuen fruiturik eman. Erreparatu honetan: naturak emandako gai batek hiri-arkitekturan nola eragin dezakeen hamarkada joan eta hamarkada etorri, ez da askotan gertatzen den kontua. Zenbat elikagai daude beren baliokide arkitektoniko propioa eta besterenezina ezinbestean atxikirik dutenak? Gaztaina-saltzaileen txabolatxoa da bakanetakoa, eta guztietan nabarmenena! Jada borroka galdua den arren, beren soilean, gaztaina erreek geure arima sendatzen dutelakoan nago, huraxe baita janari bakarra urdailaz batera eskuak ere berotzen dizkiguna. Morkots ziztakorraren kontraste estetiko zein kontzeptuala ez aipatzearren: gaztainak –gure herriak bezalaxe, bestalde– badaki nola defendatu eta biziraun, noiz trikutu eta noiz askatu. Ez ala? Esajeratzen ari naizela uste duzue? Edonola ere, eta gaztainista garenontzat gaztaina win win bat zen arren, populazioa ez zen iritzi berekoa izan, eta azken ballottagetik kanpo geratu zen gaztaina-indarra. Pena dut inork botoak berriro zenbatzea ez eskatu izana, baina jakina, kliska digitalaren bitartez bozka istantean ematen denez, galtzaile txartzat hartuko gintuzkete halakorik eskatu bagenu. Amore ematen ere jakin behar da.
Heldua zen egiaren unea, beraz. Alde batean errezil sagarra geneukan –hura ere labean erreta onena, edergarririk gabe –, eta bestean, bakailaoa . Zalantza gutxi neukan nik lehia hartan: sagarraren alde lerratuko nintzen duda izpirik gabe. Arrazoitu beharra al dago? Arrazoituko dut, bada, setatzen bazarete… Batetik, sagarra da, ia ziur, gure mundu piktorikoan gehien agertu izan dena, eta ez, beste fruitu askorekin gertatzen den gisan, natura hiletan soilik. Esanguratsuenetako bat aipatzearren, Aurelio Artetaren Euskal erromeria koadroan ageri da, esate baterako. Mexikon tranbia istripu malapartatu hartan hil aurretik Artetak margotu zuen azken koadroetakoa den honetan, erromeria jendetsuan, zelaian eserita piknika egiten ari den emakumeak sagar bat du eskuan, pareko gizonezkoak adar batean sartuta erroskilla glasatu sorta daraman oinezko emakume bati baxoerdi batekin diosal egiten dion bitartean. Koadroa zinez da ederra; sagarraren eskaintza dago hor, musika eta festa, fandangoa eta bizipoza, taldearen taupada eta giro oneko ospakizuna. Laburbilduz: herri baten arnasa eta pultsua. Eder da sagarra eder denez inoren eskuetan, eder da bodegoietan, baina ederragoa da are zuhaitzetik zintzilik dagoenean… Dario de Regoyosek ongi zekien, Pasai Donibaneko portuko zezenketaren margo hura gogora ekarri besterik ez dago: Pasaiako bokalaren bestaldean, bandera espainiarrez beteriko balkoien pean zezenketa jendetsu eta ageri da portuan. Alta, auskalo zergatik, zezenketa hura distantziatik, bokalaren beste aldetik, Pasai San Pedrotik margotzea hautatu du margolariak, horretarako lehen planoan sagarrondo bat jarrita. Sagarrez betetako sagarrondo bakarti hark kontraste itzela egiten dio koadroaren hondoko korrida jendetsuari, lurraren eta gizakiaren, naturaren isiltasunaren eta festaren harrabotsaren arteko elkarrizketa bat ezarriz. Zelanbait, zezenketa hura erlatibizatu edo urrundu egiten du Regoyosek, distantzia hartzen du eta garrantzia kentzen dio, izadiaren elementuei protagonismo gehiago emanez –itsasoa, sagarrondoa–, haiek ederretsiz eta hobetsiz gizakiak sortutako ankerkeriaren aurrean; eta, zertan ez, zezenke tako bandera espainiarren aurrean geure banderarik gabeko euskaltasuna ere islatzen du: sagarrondoen pareko banderarik, ba ote? Urrunegi noala uste duzue? Benetan? Ezta batere! Izan ere, nola liteke japoniarrek haien gereziondoen loratzearekin halako mistika suerte bat garatu izana, eta guk, aldiz, loretan dauden gure sagarrondo zuri modu-berean-zoragarriekin gauza bera egiteko gaitasunik ez izatea? Asko daukagu ikasteko, adiskide ilargitarrok! Sagarraren aldeko arrazoibide gehiago behar dituzue, epaimahaikide jaun-andreok? Ez naiz ni izango ukatuko dizkizuena, e? Hortxe duzue Ruper Ordorika folk abeslari lurtar klasikoak abesten zuen Sagarrondo bati sehaska kanta oda paregabea, Bernardo Atxagaren hitzak dituena eta aurton ehun urte biribil bete berri dituen Hautsi da Anphora disko iraultzailean argitara eman zena. Zertarako janari bat aukeratu, zertarako zapore bat goretsi, zertarako ordezkatuko gaituen dasta-ñabardura bat hautatu, baldin eta dastatzen dugun horren atzean ez badago berau irudikatzen duen narratibarik, poemarik, kanturik, margolanik? Edo kultura gara, edo ez gara ezer, lagun maiteok! Dudarik gabe, geure burua modu erredukzionista honetan jibarizatu eta elikagai bakarrera ekarri beste erremediorik ez badago, nik sagarrari emango nioke bozka. Haren alde egingo dut kanpaina. Gauza bera egitera gonbidatzen zaituztet.
Sagarra ala hil!
Jakin bagenekien ez zela erraza izango, hasiera-hasieratik hartu genion susmoa. Bakailaoak probintzia artekotasun suerte bat zeukan –kibbutz biren arteko aliantza–, pil-pilzaleak eta bizkaitar erara prestatzen zutenak bat etorri baitziren behingoz hautagaitza bakarra aurkezteko. Aitortu behar da arrantzaren epika eta gatzatzearen mistika bere alde zituela bakailaoak; bakailao xaflak olioarekin kontaktuan sartzean obratzen den mirariaz ez mintzatzearren… Hori gutxi balitz, bibliografia esanguratsua ere badu, apologia egiten dion Mark Kurlanskyren Bakailaoa: mundua aldatu zuen arrainaren historia saiakera ospetsua lekuko. Betikoa… Etortzen da amerikar bat gurea laudatzera eta gu liluratuta geratzen gara, lerdea darigula. Euskal errepublikako ilargitarrok onetik daukaguna ederresteko dugun ezgaitasuna! Kurlansky, diozue? Sagarrak, lege zaharra eta jainkoa zituen alde, Biblia bera! Zenbat bakailao ageri da, bada, Biblian? Txakolina eta bakailaoarekin obratu zuen, akaso, Jaunak miraria? Bai, badakit gaur egungo gazteok ez duzuela literaturarik irakurtzen, ez du zuela sobera preziatzen zientzia fikzioaren erpina den Biblia anonimo hura, baina... Ez didazue ukatuko sagarrak bere dituela soiltasuna, sagardoaren hurrup edo klika eta bekatorosen ukitu jostaria... Beldur nintzen legez, uste baino gutxiago gara, ordea, bekatorosak.
Bagenekien, jakin, zaila izango zela. Galtzea, gerta zitekeen zerbait zen, kirol-legez onartuko genukeen arerioak joko garbian aritu izan balira. Azpijokoa da zilegi ez dena. Ez dut mikatz itxurarik eman nahi, baina onartuko didazue prozesua ez dela batere txukuna izan: errezil sagarra errege sagarrarekin nahasi eta fruitu antierrepublikarra zela esatea, eta horren ondoren etorri zen guztia, deep fake bidezko kanpaina sutsu eta afrusa...
Alferrik defendatu genuen sagarzaleok sagarraren multilateraltasuna, muztioaren gozoa, Lurrean bezala Ilargian biribilgune eta lorategietan sagarrondoak landatzearen aukera, upategien lilura eta cyberturismoa erakartzeko aukera –demagun ciderturismo deitzen diogula–... Baina oraingoan inkestek ez zuten hutsik egin: ballottagean, sagarra galtzaile. Hamar puntu baino gehiagoko aldeaz, gainera. Nabarmen.
Bakailaoak irabazi du, beraz. Ados eta bego. Bakailaoak ordezkatuko gaitu aurrerantzean Nazioarteko Ilargi Estazioko Dastagunean. Eta ongi dakizuenez, turismo fisikoa egitea debekatu zenetik, dastagune orbitala da herrien nortasuna mihi puntara ekartzeko geratzen den modu bakarra.
Ohitu egingo gara denborarekin, ze erremedio. Ohitu, bakailao jendea izatera. Hurrengo borroka aurreikus dezaket jada: Euskal Ilargi Estazioa utzi eta Lurrera bakailao kuota harrapatzera nor joango den deliberatzea izango da, noski, sestra sortuko duena. Mare Tranquillitatisen ez baitago arrainik, eta gaur egungo teknologiarekin ez baita kibbutzetan kautibitatean bakailaorik hazteko modurik asmatu.
Leihora hurbildu eta aspaldi batean urdin izan zen planeta idorrari begira, gaur gaurkoz, nostalgiak eragozten dit ebaztea gaztaina baten edo errezil sagar baten tankera handiagoa ote duen behiala desertatu genuen Lur planeta maitatu bezain mailatuak.
K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.
Horeka sektorea Gipuzkoan
Home k aldizkaria
Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkartearen artikulua, K aldizkariaren 1. zenbakian argitaratua
Irudiak: Vicente Paredes
Ostalaritzarena sektore paradigmatikoa da, gizarteratzeari dagokionez, eta, era berean, onura sozial handiak dakartza. Tabernak eta jatetxeak ezinbesteko sozializazio-gune eta bakardadearen aurkako antidoto gisa.
Ostalaritza: funtsezko sektorea lan-integrazioan
Ostalaritza-sektorea ekonomian handienetakoa eta adierazgarrienetakoa den arren, beste sektore batzuen aldean tratamendu bidegabea eta desorekatua jasotzen jarraitzen du, bai komunikabide batzuen aldetik, bai erakundeen aldetik.
IE Team Consultores-ek egindako ikerketa baten arabera, Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkarteak (artikulu hau sinatzen duen patronala) eskatuta, Gipuzkoako ostalaritzako enpresaburuen %85ek arazoak izan ditu ekitaldi honetan langile-beharrak asetzeko. Ostalaritza sektore paradigmatikoa da, gizarteratzeari dagokionez, eta, era berean, onura sozial handiak dakartza.
Tabernak eta jatetxeak ezinbesteko sozializazio-gune eta bakardadearen aurkako antidoto gisa
Tabernek ezinbesteko 5 funtzio sozial betetzen dituzte: harreman zuzenak, komunikazioa, komunitateko kide izatea eta auzokideen eta lagunen arteko topaketa bultzatzen dituzte; isolamendua eta bakardadea saihesten dituzte; inguruneari segurtasuna ematen diote; zerbitzu pertsonalak ematen dituzte; gizarte-kohesioa eta integrazioa errazten dituzte. (“Ostalaritzaren dimentsio soziala azterlana, Espainiako gizarte-zerbitzuetako zuzendarien elkarteak egina”).
Ostalaritza sektore inklusibo gisa generoaren, jatorriaren eta adinaren alderdietan
Ostalaritzak betetzen dituen alderdi sozialekin lotuta, nabarmentzekoa da ostalaritzak duen garrantzia emakumeak, atzerritarrak eta adin guztietako pertsonak gizarteratzen laguntzeko.
Euskadiko ostalaritzak 70.609 langile izan zituen batez beste 2023ko azaroan; horietatik 15.753 ez-nazionalak ziren, hau da, %22,31.
Sektore liderren artean, ostalaritzan bakarrik egiten dute lan gizonek baino emakume gehiagok. Zehazki, estatu mailan, ostalaritzaren sektoreak 1,64 milioi langile izan zituen, eta 869.100 emakumeak ziren, hau da, %53.
Sektore horrek emakumeen ekintzailetza dakar, eta ostalaritzan lan egiten duten 128.600 emakume autonomoak dira. Sektorean norberaren kontura lan egiten duten pertsonen datua aztertuz gero, 300.000 pertsona inguru guztira, %45,6 emakumeak dira.
40 urtetik gorako langileen laneratzea ere errazten du, sektoreko langileen %52,71 baitira Estatuan, eta zifra hori 50 urtetik gorako langileekiko %27,62ra iristen da.
Hitzarmen berri bat Gipuzkoa zaharberritzeko
Gipuzkoako jatetxe-arloko hitzarmen berriak, 2023ko apirilean sinatu zenak, amaiera eman zion 12 urteri, eta ez zen akordiorik lortu, lan-arloan, enpresak ordezkatzen dituzten gizarte-eragileen eta Gipuzkoako jatetxeen sektoreko langileen artean. Hartutako akordioek funtsezko garrantzia dute lurraldean, bai gizarteari dagokionez, bai ekonomiari dagokionez. Izan ere, Gipuzkoako hitzarmenik garrantzitsuenetako bat da, besteren konturako 19.000 langile ingururi eragiten baitie zuzenean. Lortutako azken emaitzak elementu berritzaileak ditu negoziazio kolektiboari dagokionez. Horien artean, lau nabarmendu behar dira:
- Orduen erregistro digitala sartzea, betebehar hori barne hartzen duen sektoreko estatu-hitzarmen bakarra baita.
- Prestakuntzaren aldeko apustua, urtean 280 euroko plusa gehituta.
- LGTBIQ+ eskubideen onarpenean aurrera egitea.
- Lanean sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko neurriak indartzea. Ordainsariei dagokienez, honako hauek nabarmendu behar dira:
- Hitzarmena indarrean sartu zenetik, sektoreko soldatak %8 igo dira batez beste.
- Era berean, banaka negoziatu da kategoria behartsuenetako soldatak eguneratzea: urrunago joan gabe, zerbitzari-laguntzaileek %22 igo dituzte soldatak (1080 €-tik 1300 €-ra igaro dira).
K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.
Jasanezina jasanez: Euskal moda sustraitik
Home k aldizkaria
Rocío Sánchezen artikulua, K aldizkariaren 1. zenbakian argitaratua
Irudiak: Vicente Paredes
Gaur egun, modaren industria jasanezina dena jasangarri bihurtzeko erronka handiaren aurrean dago: planetan duen eragin negatiboa murriztuko duten formulak aztertzea, gero eta prozesu, teknologia eta material berritzaileagoak eta jasangarriagoak txertatuz, ingurumenarekin bat datozen eta produktuen bizi-zikloa luzatzeko gai izango diren hornidura-kateak sortzeko helburuarekin, diseinutik, ekoizpenetik eta kontsumotik, fabrikaziotik, hondakinen kudeaketatik eta bigarren mailako lehengaietatik.
Azken hamarkadetan, jantzien ekoizpenaren eta kontsu - moaren hazkunde azkarrak ingurumen-kostu handia izan du ehun-hondakinetan. Oro har, 80 mila milioi jantzi berri kontsumitzen ditugu urtero.
Modaren munduko industriak eragin handia du ingurumenean: Munduko ehungintza-ekoizpenaren %60 produktu petrokimikoetatik eratorritako zuntz sintetikoeta - tik dator, eta berotegi efektuko gas kutsagarriak askatzen dituzten erregai fosilez elikatzen da batez ere, lehengaiak erauztetik hasi eta jantziak ekoiztu, banatu, erabili eta eza - batzeraino.
Moda-kontsumitzaileek, gero eta gehiago jabetzen baitira arazo horretaz, kalitate handiko ehun-produktu iraunkorrak eskatzen dituzte, lehengai berriztagarrietatik da - tozenak, ingurumena errespetatuz diseinatuak eta ekoitziak.
Bestalde, Europako Itun Berdeak bete-betean hartzen du konpromisoa ehungintzaren sektoreko ekonomia zirkularrarekin, epe luzerako helburuak dituzten lege-propo - samenen bidez, hondakinen isurketa murrizteko eta honda - kinen birziklapena eta berrerabilera areagotzeko.
Modaren industria jasanezina jasangarri bihurtzeko erronka handiaren aurrean dago gaur egun. Biodibertsitatea gero eta gehiago galtzen ari dela eta baliabide naturalak agortzen ari direla ikusita, planetan duten eragin negatiboa murrizteko formulak aztertzen ditu, gero eta prozesu, teknologia eta material berritzaileagoak eta iraunkorragoak txertatuz, ingurumenarekin bat datozen eta produktuen bizi-zikloa luzatzeko gai diren hornidura-kateak sortzeko helburuarekin, diseinutik, ekoizpenetik eta kontsumotik, fabrikaziotik, hondakinen kudeaketatik eta bigarren mailako lehengaietatik.
Ildo horretan, elikagaien industriako azpiproduktuak optimizatzea konponbide eraginkorra da modaren industriari lotutako lehengaien biodibertsitatea zaintzeko eta zabaltzeko, eta, aldi berean, ekonomia jasangarri berri bat garatzeko.
Iraunkortasunaren gai nagusiari dagokionez, bi sektoreak tradizioz bananduta egon arren, modak eta elikadurak arazo komunen adibide asko dituzte: Giza kontsumorako elikagai guztien herena, gutxi gorabehera, alferrik galtzen da. Aldi berean, modak kontsumo aurreko hondakin ugari sortzen ditu, inoiz saltzen ez den gehiegizko inbentarioaren ondorioz (60.000 milioi m2 inguru).
Euskal moda-enpresak ez dira joera horretatik kanpo geratzen, eta aspalditik ari dira gastronomiaren mundua modako berrikuntzarekin lotzen duten proiektuak garatzen, betiere konponbideak batera bilatzeko hiru premia espezifiko kontuan hartuta. Alde batetik, behar teknologikoa: elikagaien industriatik datozen hondakinen lehengaia ezagututa, prozesu berriak definitu behar dira, lehengaia manipulatzetik biomolekulak ateratzeraino. Sortzen diren ehunek lehiakorrak izan behar dute egungo ehunekin eta prozesuekin. Beste aldetik, merkatuaren beharra: prozesu berriak ekonomikoki bideragarria izan behar du, bai elikagaien sektorearentzat, bai ehungintzako fabrikatzaileentzat, eta lehiakortasun-diferentziala ekarri behar dio modaren sektoreari. Eta azkenik, ingurumen-premia: prozesu berriak egungo prozesuek baino ingurumen-inpaktu txikiagoa izan behar du.
Elikagaien industriako hondakinak tokiko mailan balorizatzeak eta birziklatzeak hondakinen egungo kopurua murrizten lagun dezake, bioehungintza berritzaile bihurtzen baitira. Material bioadimendunak merkatunitxo berri bat dira, ezaugarri transpiragarriak, antiolorea, tenperatura kontrolatzekoak eta bakterioen aurkakoak eskaintzen baitituzte, eta, gainera, garbiketaren maiztasuna murrizten dute eta, ondorioz, planeta kutsatzen laguntzen duten mikrofiburuak askatzea eragozten dute.
Ekoizpen-ereduen aldaketa horrek, tokiko fabrikazioaren eskaerari eta eskuragarri dauden tokiko ma - terialen erabilerari jarraiki, ekoizpen-zikloak hobeto kontrolatzen laguntzen du, garraio-kostuak murrizten ditu eta enplegu-aukera berriak sortzen ditu, eta EBren Itun Berdeko helburu sozioekonomikoak nahiz Nazio Batuek 2030eko agendan ezarritako garapen jasangarriko helburuak eta xedeak betetzen laguntzen du, posible egiten baitu ingurumena lehengoratzea, biodibertsitatea sustatzea eta tokiko enpleguak sortzea, hornikuntza-katea laburtzean.
Euskadiko material plastikoen eta beste kutsatzaile batzuen aurrean elikagaien industriako hondakin baten errebalorizazioaren adibide paradigmatiko bat ardi latxaren artilea da.
Euskadin milioi bat ardi latxa inguru daude, gure lurren sinboloa. Esnea Idiazabal JDBa egiteko erabiltzen da, eta haragi ona ere ekoizten du, urte osoan bazkatzen baitu. Hala ere, bere artilea, luzea, nahikoa eta koipetsua (hortik datorkio euskarazko izena, “latxa”), ia ez du erabilgarritasun komertzialik, berarekin ehunak egitea nahiko zaila baita, eta horrek ingurumen arazo bihurtzen du abeltzaintzako ustiategientzat, hondakin gisa tratatu behar baitute. Beraz, zer egin Euskadin urtean biltzen diren bi milioi eta erdi kilo artilearekin?
Zentro teknologikoak zein enpresak lanean hasi dira arazo honi irtenbide lokala eta iraunkorra eskaintzeko.
NEIKERek, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, hainbat proiektu garatu ditu arazo horren inguruan, besteak beste, “Latxari”. Proiektu horrek eremu eta merkatu desberdinetara erraz molda daitekeen irazki-ehuna sortzea lortu du, latxa ardiaren artilea proportzio desberdinetan, material birziklatua eta beste zuntz natural batzuk konbinatuz.
María Clé Leal diseinatzaileak, ADR Urkome Urola Kostako landa-garapenerako elkarteak eta Latxaesnea kooperatibak ere parte hartu dute proiektuan, eta ingurumena errespetatzen duten eta kontzeptuagatik eta diseinuagatik euskal kulturarekin eta nortasunarekin estuki lotuta dauden harpeen bilduma bat osatu zen. Agerian utzi zen Euskadik apustu sendoa egin zuela material horren ba - lioa handitzeko, Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren estrategiei jarraiki, jasangarriak eta tokikoak diren ekimenen bidez.
Bestalde, Ternua modako euskal enpresak, bere arloan berrikuntzaren erreferente denak, Artileshell garatu zuen 2009an, bere “Proiektu Berezietako” lehena, latxa ardia hotzetik, hezetasunetik eta haizetik babesten duen artile horren ezaugarri bereziei etekina ateratzeko asmoz.
Propietate horiek zituen hondakin lokal bat birziklatzeko aukera erronka handia zen Ternuarentzat. Muturbeltz elkartearekin eta Ipar Euskal Herriko artilea fabrikatzen duen Illetegia enpresarekin lankidetzan, artile horrekin naparazko ehun bat garatzea posible zela frogatu zuten, lehe - nik eskala txikian, eta, ondoren, teknologia egokia garatuz, tamaina industrialeko makineriarekin.
Emaitza oso napa arina da, propietate isolatzaile sinestezinak dituena, bakterioen aurkakoak, termorregulatzaileak, suaren aurkakoak, bustita ondo funtzionatzen duena... eta Ternuako Artileshell jantzietan aurki dezakezuna. Zero kilometro isolatzaile bat, tradizionalki alferrik galdu den baliabide batetik abiatuta egina.
Ekimen horiek mugarri dira ardi latxaren artilea metatzeko eta kudeatzeko urteko arazoa konpontzeko negozio-bide berriak irekitzeko orduan, baina arazo horri buruzko lan-ildo zabalago baten barruan kokatzen da, oraindik ere artile tonak baitaude ekonomia berdean, gizarte-kohesioan eta natura-ingurunearen babesean oinarritutako beste proiektu batzuetatik ateratzeko.
Gero eta kontzientziazio handiagoa dago herritarren eta enpresen artean klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta, zorionez, gero eta ekimen gehiago sortzen dira filosofia horrekin bat datozenak, ekonomia zirkularra estrategiaren erdigunean duten ekoizpen- eta sormen-prozesuen aldeko apustua eginez.
Ternuaren “Proiektu Berezien” zerrenda, elikagaien industriari lotutako tokiko baliabideen aprobetxamenduari buruzkoa, gero modaren industriarako lehengai gisa errebaloriza daitekeena, hazten jarraitzen du. Adibibide bi dakargu: Nutcycle eta Redcycle. Nutcycle Ternuaren ekimena da. Ternuak, hainbat hainbat toki-erakunderekin lankidetzan, Euskadiko sagardotegietako intxaur oskolen 55.000 kilo biltzen ditu urtero. Baliabide ugaria eta hurbilekoa da, sintetikoen propietate berberak dituzten baina are gutxiago kutsatzen duten tindu organiko bihurtzeko; izan ere, ehungintzako industriarako tinduak eta akaberako produktuak ekoizteak edateko uraren kutsaduraren %20 eragiten du. Proiektu horretatik sortu zen geroago Colorcycle, non erromero, erremolatxa, palmondo amerikar, oliba eta gaztaina oskolen hondakinekin tindaketak esperimentatu eta garatzen diren. Bigarrena Redcycle da. Oso ezauna ez den ingurumen-arazo bati irtenbidea ematen dio: hondatutako arrantza-sareak bertan behera uztea, bai lehorrean, bai itsasoan, itsas hondoak kutsatuz, azken finean, arrantza-industriaren mende dauden ekosistema berberak baitira. Ternuak konpromisoa hartu du Bermeo, Getaria eta Hondarribiko ko - fradien sareak jasotzeko, eta, ondoren, Aquafil enpresarekin lankidetzan, nylonezko sare horiek hilatura bihurtzeko, birziklatutako, birziklagarritako eta planeta errespetatzen duten jantzi berriak egiteko. Redcycle proiektu berezia izateaz gain, etorkizuneko belaunaldiei ziklo ekonomiko orok zirkularra izan behar duela pentsatzeko saiakera ere bada.
Gehiegizko ekoizpenaren, hondakinen eta stock-aren problematikan arreta jarrita, ezin dugu aipatu gabe utzi Comme des Machines, 2016tik industria sortzaileetara zuzendutako fabrikazio digitalean diharduen enpresa bizkaitarra. Manufaktura pertsonalizatua, malgua, tokikoa eta iraunkorra eskaintzen dute, ekoizpen txiki, ertain eta handien hornitzaile gisa lan eginez, Nina Ricci, Burberry’s edo Nike bezalako enpresentzat, mota honetako munduko enpresa bakanetakoa. Bere mugarrien artean: mass market-era zuzendutako 3Dn inprimatutako lehen bilduma jasangarriaren arduradunak izatea, Mango enpresarentzat.
Fabrikazio digitalak XXI. mendeko premien araberako bidea ahalbidetzen du: malgutasuna, pertsonalizazioa, iraunkortasuna, arintasuna... 3D inprimaketak bi munduetako onena du. Artisau-piezen aldakortasuna, berotasuna eta berezitasun besterenezina ditu, eta industria-fabrikazioaren arintasuna eta errendimendua. Bestalde, artisautza digitalak aukera ematen du ehunak patroiaren itxurarekin fabrikatzeko, hondakinik sortu gabe, ez baitago oihalik moztu beharrik, ezta beharrezko unitateak bakarrik fabrikatu ere, eta horrek baliabideak optimizatzea dakar.
Materialei dagokienez, biopolimero biodegradagarri eta konpostagarria da gehien erabiltzen denetako bat. Ikerketak aurrera egin ahala, harizpi mota horien gama handitu egiten da: ostra- edo muskuilu-oskolez, gariz, kanabera-azukrez, kafez, patataz egindako biokonposatuak; baita zurak, zementuak, buztinak ere, guztiak hondakinez sortuak.
CDMk ehunak ikertzeko proiektu propioa du. NORA proiektua da, 3Dn inprimatutako ehunak ikertu eta garatzearen aldeko apustua, harizpi malguen erabilerari esker aurrerapauso handiak ematen jarraitzen duena. Hariak balira bezala, posible da haria erauztea eta ehun tradizionalen bilbea eta testura zintzotasunez imitatzea, baita kolore desberdinetako harizpiak erabiliz estanpatuak sortzea edo larrua bezalako materialak imitatzea ere animalia-jatorriko material horren alternatiba iraunkorrak eta beganoak sortzeko. Etorkizun itxaropentsu horren aurrean, eta etorkizunari begira, BIAAF aipatuko dugu azkenik, haren egitekoa baita etorkizuneko sortzaile, diseinatzaile eta enpresarien belaunaldiek Euskaditik etorkizun abangoardista eta berritzailea gidatzeko gai izan daitezen lortzea. 92 herrialdetako 800 diseinu-eskolarekin lotuta, kultur- eta sormen-industriekin etengabeko elkarrizketan jarraitzen du, beste sektore batzuekin lankidetzan aritzeko espazio berriak sortzeko, Euskadin diseinatzen eta ekoizten den modarekin lotuta gizartean eragin positiboa izango duten proiektuen garapena bultzatzeko.
BIAAFek Europako ikerketa-proiektuetan parte hartzen du, hala nola Fashion and Food, Synergies for Sustainability, material jasangarriak, negozio-eredu berritzaileak, joeren abangoardiako prestakuntza-ereduak eta gure gazteen garapen profesionala erraztuko duten jardunbide egokien hedapena garatzera bideratua, betiere Euskadiko nahiz nazioarteko erakunde eta zentro teknologikoekin lankidetzan
Nekazaritza, gaur eta etzi
Home k aldizkaria
Jakoba Errekondoren artikulua, K aldizkariaren 1. zenbakian argitaratua
Irudiak: Vicente Paredes
Paisaia
Nekazaritza da kultura guztiaren iturria. Kultura hitza bera latineko “colere”, lurra landu, hitzetik dator. Etimologiaren bidezidor korapilatsuetan sartu gabe, esan dezakegu: garen guztia, gure kultura guztia, komunitate gisa elkar lotzen gaituzten izakera, identitatea, hizkuntza, nortasuna eta abar guztiak nekazaritzari zor dizkiogula.
Nekazaritzak eman digu lur bati lotuta bizitzeko aukera; eman digu kalitatezko elikagaiak izateko aukera. Baina, batez ere, eman digu denbora. Landareak erein eta haien uzta jaso artean, baratzesoroaren zaintza lanak egin artean denbora asko dago pentsatzeko eta komunitate zentzua garatzeko. Horrek ekarri du egun garen guzti hori, euskaratik hasi eta euskaraz egiten dugun guztirainokoa. Denbora hori da bizitzak eta elkarbizitzak duen gauza garrantzitsuena; gaur, agian, sekula baino garbiago ikusten dugu hori. Denbora hori gabe ez genuke ez eskola, ez arkitektura, ez musika, ez poesia, ez hainbeste gauza; bera gabe ez ginateke gu izango. Izateko nekazaritza behar dugu. Edonork nor izateko jan egin behar du. Nor hori jantzia izateko jan egin behar du, eta kultura jakintza da. Jan eta jaki.
Lurra lantzen duen jendea nahitaezkoa du kultura guztiak. Kulturaren galera, elkarbizitzaren galera, izaeraren galera, identitatearen galera, hizkuntzaren galera, garenaren galera kalitatezko elikaduraren galeratik dator, janari txarretik, elikadura txarretik elikatzen da. Janari txarra edota goseak pobrezia dakar, eta kulturarik eza. Bere alabak behar bezala elikatu ezinik dabilen jendartea, ez da bizi, iraun egiten du. Ez du garatzeko denborarik.
Hortik lurrari eman behar diogun etengabeko zaintza. Gure planetaren zati nimiño bat besterik ez da nekazaritzari eman eta gure elikadura osatzeko erabiltzen duguna, %1 ere ez. Lur hori zaintzea da jendartearen lehentasun lehena behar - ko lukeena. Gure nahia, nekazariek osatuko luketena. Nekazariek lurrari eman behar diote bizia. Bizi hori da gero geurea, geure bizia. Lur bizirik gabe gu ez ginateke ezer, ez ginateke.
Horrela sortzen ditugu gure paisaiak. Gure paisaia gara gu. Euskal Herrian ez dago ingurune naturalik, txokoren bat edo beste kenduta, bat bera ere ez. Gure ingurunea geuk sortua da gure amonaren amonaren amonak, mendia erre, landatu, inausi, erein eta abar egin ondorengo emaitza. Gure bizimodua, gure ekonomia eta batez ere gure elikaduraren ispilua da paisaia. Gure kulturak, gure jateko erak sortutako paisaia kulturala. Jaten duguna garela esan ohi da baina benetan garena jaten dugula esango nuke nik. Kultura bakoitzak etengabe eraiki eta deseraiki eta berreraikitzen ditu bere paisaiak. Beraz, kultura bakoitzak bere paisaiak ditu. Gu eusten gaituen eta bizia ematen digun lurrari geuk ematen diogu forma eta izaera eta horixek dira gure paisaiak. Geu garena ikusten du - gula paisaian zioen Fernando Pessoa poeta portugaldarrak.
Nekazaritza
Nekazariak dira gure paisaien zaintzaileak. Gure bizimoduak eta elikadurak aginduko du zein motatako paisaia sortu behar dugun eta nekazariek eraikiko dute eta zaindu. Paisaia bakoitzak azalduko du bere garaia.
Baina nekazaritzaren aiekatik bi Euskal Herri ditugu, uren isuriak banatzen dituzten mendiek bereizten dituzte: isuri atlantiarra eta isuri mediterranearra.
Euskal Herri atlantiarrean ez da gauza bera XVI-XVII. mendeetako jendarte aberats, okitu, industrial, merkatari eta hiritarra eusten zuen paisaia edo XVIII-XIX. mendeetako jendarte pobretu, nekazaldu eta landatarrak sortutakoa. Industrializazioak nekazaritza uztea dakar lehen ondorio gisa eta XVII-XVIII mendeetan alderantzizko bidea eman zen hirietatik eta industriatik landa ingurunetara sakabanatzea. XX. mendean berriz industria ikaragarri indartu zen eta nekazaritzaren gainbeherakada hasi zen. Horren ondorio da gaur egun bizi dugun paisaia. Ordura arte landu izan ziren lur eremu asko aziendarentzako edo etxerako elikagaiak sortzeko erabiltzetik basogintzara igaroko dira. XX. mende osoan gauzatu da eraldaketa hori eta XXI. mende honetan areagotu egin da, hobeto esanda egundoko sukarraldia bizi duela esango nuke. Mendian ematen ari den aldaketa ere egungo jendartearen bizimoduen eta pentsakeren islada besterik ez da, baina hori beste baterako utzi beharko dugu. Isuri honetako Ipar Euskal Herrian ez da industrial-nekazari aldaketa historiko bortitzik bizitu eta lurraldearen nekazaritza eredua mantendu egin da, gaur bertan ederki asko ikusi daitekeena.
Aldiz, Euskal Herri mediterranearrean ez dute industrializazio aro bortitzik bizitu eta historian nekazaritza eredua oso gorabehera gutxirekin bere horretan mantendu dela esan daiteke. Horrek eragina izan du jendartearen bizimoduan bezala herrien tipologian eta lurraldearen okupazio ereduan. Biztanleria herrietan bilduta bizi da eta lurralde osoa nekazaritza ekoizpenerako erabiltzen da. Isuri mediterranearrean itsaso haren inguruko lurraldeetan ematen den oinarriko nekazaritza garatu da milaka urtetan. Hiru mozkin edo ekoizpen dira nagusiak: ogia egiteko laboreak, olioa egiteko olibondoa eta ardoa egiteko mahatsa. Mendea joan eta mendea etorri, hiru uzta horien inguruan ibili da lurralde horretako bizimodua; batzuetan laboreak gehiago edo gutxiago, olibondoak behera eta mahastiak gora, edo alderantziz…
Egungo nekazariak
Euskal Herri mediterranearrean laboreakolibondoa-mahatsa hirukotearen langintzak nekazari espezializatuak sortzea ekarri du langintza bakoitzean: labore-ekoizleak, olibazaintzaileak eta mahastizain-ardogileak. Ondo bereizitako hiru hankeko eredu horren arabera aldatu da nekazaritza eta ondorioz paisaia, eta batez ere hiru mozkin horiek lantzeko berritu, egokitu eta berriz berritu egin den eta egun ere egiten jarraitzen duen teknologia: tresneria, haziak, ongarriak, tratamenduak, eraldaketa guneak, elikagaien industria eta abar. Teknologiaren espezializatzea eta horretara egokitzeko laborariaren gaitasuna dira egun nekazaritzaren ezaugarri nagusiak. Sail handiak, gero eta handiagoak, eta paisaia uniformeak, gero eta uniformeagoak, dakartza teknologiaren erabilera areagotzeak, eta beste ondorio zuzen latzago bat ere bai: nekazariak urritzea. Gero eta nekazari gutxiago beharko da lur sail berak lantzeko. Nekazaritza horren ondorio argiena bioaniztasunaren murrizketa da. Bioaniztasuna maila guztietan: gure paisaia kulturalen espezie nagusia den herrietako biztanleen, hau da jende biziaren bioaniztasuna eta naturaren edo ingurumenaren aiekako bioaniztasuna. Landa guneetako biztanlegoaren jaitsierak bertako kulturaren pobretzea eta desagerpena dakar. Ingurumenaren aldetik, teknologiaren erabilera areagotzeak erreka, landare-hesi, zuhaizti eta abarren gainbehera dakar, uztarri berean datorren espezie aberastasunaren atzeratzearekin batera. Gure bioaniztasun berezia osatzen duten gure paisaia kulturalak zaintzen dituen nekazari landatarra eta paisaia kultural horren bioaniztasun kulturala-naturala, biak ala biak nabarmen urritzen ari dira.
Isuri atlantiarrean bi alde berezi behar dira: EAEkoa eta Ipar Euskal Herrikoa. Ipar Euskal Herriko nekazaritza, aipatu bezala eredugarria da. Ez dago erabat espezializaturiko nekazal eredu nagusirik. Bai ordea lurraldearen ezaugarri edafologiko, geologiko eta klimatikoetara ederki egokituriko nekazaritza mistoa; urte askoren garapenaren eta egokitzapenaren ondorio moldatu eta aurrindutako. Etxe askotan bizi dira azienda, fruitu arbolak, soroak, baratzeak eta oihana ustiatuz; horri mozkinak eraldatzeko eta merkaturatzeko eta saltzeko elkarteak sortzeko ohiturak erantsi eta teorikoki nekazaritza eredugarri bat aurreikusi daiteke.
Ipar Euskal Herrian deskribaturiko nekazaritza eredua lehen isuri atlantiar osoan zen. XX. mendearen azken laurdenetik hona erabat aldatu da panorama. Ez dago ia eredu horri jarraitzen dion etxalderik. Ia denak erabat espezializatu dira; behi-esnea izan da garabide nagusia. Bide horrek eskatu izan duen gero eta inbertsio handiagoak, aurreko inbertsioa ordaintzea bukatu gabe berriak egiteko errota-harrian sartuta, nekazariak ito egin ditu eta gaur egun argi dago bide horrek ez duela inolako etorkizunik. Bestetik tresneria gero eta handiagoa erabili beharrak ekarri du lur askoren uztea, aldapak eta isuri handiko sailak ezin dira behar bezala landu eta horrek erabat utzitako lur sailak izatea edota nekazaritza ez hain industrializatuan landu daitezkeen sail horiek basogintzara igarotzea eragin du. Eredu horrek janari kopuru handiak kanpotik ekartzea eskatzen du eta behientzako besterik izango ez diren jakiak ekoiztera. Behi-esnearen prezioaren gorabeherak ez daude nekazarien esku, saltoki gune handienetan baizik eta horrek bideraezina egiten du esne ekoizpena lurralde horretan. Esnearena adibide bat besterik ez da, makina bat badugu eta nekazaritza ataka oso larrira eraman dugu.
Gainbegirada honetako nekazaritza industriala eta laborantza intentsibora emandako lurretatik kanpo badago beste era bateko nekazaritza lantzen duenik ere. Hor dugu Ipar Euskal Herriko nekazaritza eredugarria, baina baita oso hurbileko kontsumitzailea zaintzen eta elikatzen duen nekazariak ere badira. Jendartearen zaintza eta benetako kalitatezko elikadura eskaintzeko beharrekoak diren mozkinak sortzen dituztenak. Ekologikoa, biologikoa edo organikoa deitzen den nekazaritzak 30 urtetik gora ditu gurean eta gero eta indartsuagoa da. Herrialde guztietan sakabanatua lantzen bada ere, lurralde nekazariena den Nafarroan du indar gehien. 800dik gora nekazari, eraldatzaile eta abar ari dira egun eta 66.000 hektareatik gora lantzen dituzte, 2022ko datuak dira. Hamar urte lehenago, 2013an 500 eragile ziren eta 51.000 hektarean lantzen ziren.
Ekologikoan lantzea aldaketa sakon baten hasiera besterik ez zen izan. Ondoren etorri dira, eta gelditzeko gainera, nekazaritza biodinamikoa, birsortzailea edo erregeneratzailea, permakultura, sintropikoa eta abar. Hemendik duela ez urte asko pentsaezinak zitzaizkigun ekoizpen berriak ahuakatea eta tea, sagardoaren munduan gertatzen ari den iraultza, eraldaketa eta merkaturatze bide berriak eta abar; oso urte gutxi barru orain sinestezina zaigun nekazaritza bat izango dugu. Kontsumitzailea ere ez da atzera geratu eta nekazariekin lotura zuzenak eta ahalik eta motzenak sortzeko ahaleginak hasi besterik ez dira egin. Hortik etorri da etorkizun oparoena aurreikusten zaion nekazaritza eta kontsumo eredua: agroekologikoa.
Agroekologiak ingurumena zaintzen du denon bioaniztasuna eta bizitza kalitatea bermatuz, ekoizlea zaintzen du lan baldintzak doituz emakumearen lana harrotuz eta prezio duinak ziurtatuz, lurra zaintzen du etorkizuneko elikadura ziurtatuz eta jendartea zaintzen du kalitate goreneko elikagaiak eskainiz, bertokoak eta sasoikoak. Zirkulu horrek borobiltzen du etorkizuneko nekazaritzaren garapena, dagoenerako Euskal Herrian toki askotan, jende askoren lanarekin, kontsumitzaile askoren esku hartzearekin eta kontzientziadun jendarte ahaldundu batekin.
Nekazaritza hori lantzen dutenak gero eta ahaldunduagoak daude. Bai formakuntzaren ikuspegitik, bai emakume nekazarien lana azaleratuz eta behar duen tokia emanez, bai jendartean saretzearen ikuspegitik eta, eredugarria dena, ingurumenaren zaintzan jendartearen jarrerak bideratuz eta gidaritza lana eginez.
Gidaritza
Administrazioak eta haien orbitako teknikarien eragina oraindik ere nabarmena da. Batez ere ingurumena eta kalitatezko bizimoduan nekazaritzak duen eraginarekin datozen aldaketak, pixkanaka atzeraezinezkoak izango direnak gogoz eta indarrez sustatu beharrean, itxurakeriak itxurakeri, zangotrabatzen besterik ez dira ari.
Lehengo mendean nekazaritzan abiatu zen “iraultza berdea” deiturikoa, ez iraultza eta ez berdea ez zena, ongarri eta pestizida sintetiko kimikoekin gure lurra egun dagoen egoera negargarrira ekarri duena, administrazioen eta teknikarien saihetserako begiradaren laguntzari zor zaio, neurri handi batean. Horrek ekarri gaitu ia lehen sektorerik gabeko Hego Euskal Herriko isuri atlantiarra izatera, adibidez.
Egun teknokratek ez dute iraultza berdearen frakaso historikoa aipatzen eta teknologiaren berrikuntzetan jarrita dituzte esperantza guztiak. Makro eskalako proiektu erraldoiak dituzte buruan ezinezko helburuekin: hidroponikoa bezalako ekoizpen sistemak, zeinak kalitate kaxkarreko elikagaiak ekoizteaz gain egungo ingurumen ikuspegitik onartezinak dira; eskala makroan diseinatutako ukuilu eta haragi haztegi kutsatzaileak; “haragi” artifiziala sortzeko inbertsioak; akuaponia (arrain hazkuntza eta nekazaritza uztartzen dituen sistema) zientzia fikziozko itxurako ekimenak, eta abar. Panorama tamalgarri honen adibide garbienetakoa basogintzarekin Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu dena da. Alor horretan ere barrutik sortutako ekimen eta indarrak irauliko du egoera.
Egoera horren aurrean jendartearekin eta haren bizitza kalitatearekin, etorkizuneko lur biziarekin, ahalik eta aniztasun handieneko ingurumenarekin engaiatuta dagoen nekazaria da etorkizun bakarra. Dagoenerako bide horretan ari direnak dira Euskal Herriko jendarte osoaren egungo gidari garrantzitsuenak. Aldaketarako eta bihar berri baterako eguneroko borrokaren eta lanaren muturraren burua direnak.
Perico Legassek handiak esan zuen bezala: “gaur egun egin dezakegun ekintza politiko garrantzitsuena jatea da”. Zer jaten duzu? Non erosten dituzu elikagaiak? Horiek dira politikariei egin behar dizkiegun galderak. Benetan gure Herriak argitu, bideratu eta sakondu behar dituen etorkizunerako zalantzak.
Erosi bertokoa eta sasoikoa. Lurretik platererako bidea moztu, hau da, erosi hurbileneko nekazariari. Prezio duina ordaindu, zure osasuna hortik dator, edo hortik dijoa… Elikadura, lurra, osasuna eta bizitza bizia elkarlanean hobe. Eta herri jantzi eta aurreratua izaten jarraitu nahi dugu, ala? Elikadura txarrak dakartza pobrezia, kulturarik eza edo ezjakintasuna, kalitate eskaseko bizimodua eta etorkizun beltza.
Munduko gastronomiaren puntaren puntan gaudela dioten horiei ere gomendio horiek berak luzatuko nizkieke. Ahoa-betean hitz egiten dutenean munduaren ahoak asetzeko guretik heldu eta sustatu, benetan. Bi datu amaitzeko: Euskal herrian jaten den legatzaren %94 kanpotik ekarritakoa da eta nekazariari beharrean supermerkatuan erosten badugu letxuga bat ordaindu duzunaren %16a soilik jasoko du nekazariak.
K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.