k-1-31

Nekazaritza, gaur eta etzi

Herri izan nahi duen honen etorkizun bakarra

Jakoba Errekondoren artikulua, K aldizkariaren 1. zenbakian argitaratua
Irudiak: Vicente Paredes

Paisaia

Nekazaritza da kultura guztiaren iturria. Kultura hitza bera latineko “colere”, lurra landu, hitzetik dator. Etimologiaren bidezidor korapilatsuetan sartu gabe, esan dezakegu: garen guztia, gure kultura guztia, komunitate gisa elkar lotzen gaituzten izakera, identitatea, hizkuntza, nortasuna eta abar guztiak nekazaritzari zor dizkiogula.

 

Nekazaritzak eman digu lur bati lotuta bizitzeko aukera; eman digu kalitatezko elikagaiak izateko aukera. Baina, batez ere, eman digu denbora. Landareak erein eta haien uzta jaso artean, baratzesoroaren zaintza lanak egin artean denbora asko dago pentsatzeko eta komunitate zentzua garatzeko. Horrek ekarri du egun garen guzti hori, euskaratik hasi eta euskaraz egiten dugun guztirainokoa. Denbora hori da bizitzak eta elkarbizitzak duen gauza garrantzitsuena; gaur, agian, sekula baino garbiago ikusten dugu hori. Denbora hori gabe ez genuke ez eskola, ez arkitektura, ez musika, ez poesia, ez hainbeste gauza; bera gabe ez ginateke gu izango. Izateko nekazaritza behar dugu. Edonork nor izateko jan egin behar du. Nor hori jantzia izateko jan egin behar du, eta kultura jakintza da. Jan eta jaki.

 

Lurra lantzen duen jendea nahitaezkoa du kultura guztiak. Kulturaren galera, elkarbizitzaren galera, izaeraren galera, identitatearen galera, hizkuntzaren galera, garenaren galera kalitatezko elikaduraren galeratik dator, janari txarretik, elikadura txarretik elikatzen da. Janari txarra edota goseak pobrezia dakar, eta kulturarik eza. Bere alabak behar bezala elikatu ezinik dabilen jendartea, ez da bizi, iraun egiten du. Ez du garatzeko denborarik.

 

Hortik lurrari eman behar diogun etengabeko zaintza. Gure planetaren zati nimiño bat besterik ez da nekazaritzari eman eta gure elikadura osatzeko erabiltzen duguna, %1 ere ez. Lur hori zaintzea da jendartearen lehentasun lehena behar - ko lukeena. Gure nahia, nekazariek osatuko luketena. Nekazariek lurrari eman behar diote bizia. Bizi hori da gero geurea, geure bizia. Lur bizirik gabe gu ez ginateke ezer, ez ginateke.

 

Horrela sortzen ditugu gure paisaiak. Gure paisaia gara gu. Euskal Herrian ez dago ingurune naturalik, txokoren bat edo beste kenduta, bat bera ere ez. Gure ingurunea geuk sortua da gure amonaren amonaren amonak, mendia erre, landatu, inausi, erein eta abar egin ondorengo emaitza. Gure bizimodua, gure ekonomia eta batez ere gure elikaduraren ispilua da paisaia. Gure kulturak, gure jateko erak sortutako paisaia kulturala. Jaten duguna garela esan ohi da baina benetan garena jaten dugula esango nuke nik. Kultura bakoitzak etengabe eraiki eta deseraiki eta berreraikitzen ditu bere paisaiak. Beraz, kultura bakoitzak bere paisaiak ditu. Gu eusten gaituen eta bizia ematen digun lurrari geuk ematen diogu forma eta izaera eta horixek dira gure paisaiak. Geu garena ikusten du - gula paisaian zioen Fernando Pessoa poeta portugaldarrak.

Nekazaritza

Nekazariak dira gure paisaien zaintzaileak. Gure bizimoduak eta elikadurak aginduko du zein motatako paisaia sortu behar dugun eta nekazariek eraikiko dute eta zaindu. Paisaia bakoitzak azalduko du bere garaia.

 

Baina nekazaritzaren aiekatik bi Euskal Herri ditugu, uren isuriak banatzen dituzten mendiek bereizten dituzte: isuri atlantiarra eta isuri mediterranearra.

 

Euskal Herri atlantiarrean ez da gauza bera XVI-XVII. mendeetako jendarte aberats, okitu, industrial, merkatari eta hiritarra eusten zuen paisaia edo XVIII-XIX. mendeetako jendarte pobretu, nekazaldu eta landatarrak sortutakoa. Industrializazioak nekazaritza uztea dakar lehen ondorio gisa eta XVII-XVIII mendeetan alderantzizko bidea eman zen hirietatik eta industriatik landa ingurunetara sakabanatzea. XX. mendean berriz industria ikaragarri indartu zen eta nekazaritzaren gainbeherakada hasi zen. Horren ondorio da gaur egun bizi dugun paisaia. Ordura arte landu izan ziren lur eremu asko aziendarentzako edo etxerako elikagaiak sortzeko erabiltzetik basogintzara igaroko dira. XX. mende osoan gauzatu da eraldaketa hori eta XXI. mende honetan areagotu egin da, hobeto esanda egundoko sukarraldia bizi duela esango nuke. Mendian ematen ari den aldaketa ere egungo jendartearen bizimoduen eta pentsakeren islada besterik ez da, baina hori beste baterako utzi beharko dugu. Isuri honetako Ipar Euskal Herrian ez da industrial-nekazari aldaketa historiko bortitzik bizitu eta lurraldearen nekazaritza eredua mantendu egin da, gaur bertan ederki asko ikusi daitekeena.

 

Aldiz, Euskal Herri mediterranearrean ez dute industrializazio aro bortitzik bizitu eta historian nekazaritza eredua oso gorabehera gutxirekin bere horretan mantendu dela esan daiteke. Horrek eragina izan du jendartearen bizimoduan bezala herrien tipologian eta lurraldearen okupazio ereduan. Biztanleria herrietan bilduta bizi da eta lurralde osoa nekazaritza ekoizpenerako erabiltzen da. Isuri mediterranearrean itsaso haren inguruko lurraldeetan ematen den oinarriko nekazaritza garatu da milaka urtetan. Hiru mozkin edo ekoizpen dira nagusiak: ogia egiteko laboreak, olioa egiteko olibondoa eta ardoa egiteko mahatsa. Mendea joan eta mendea etorri, hiru uzta horien inguruan ibili da lurralde horretako bizimodua; batzuetan laboreak gehiago edo gutxiago, olibondoak behera eta mahastiak gora, edo alderantziz…

Egungo nekazariak

Euskal Herri mediterranearrean laboreakolibondoa-mahatsa hirukotearen langintzak nekazari espezializatuak sortzea ekarri du langintza bakoitzean: labore-ekoizleak, olibazaintzaileak eta mahastizain-ardogileak. Ondo bereizitako hiru hankeko eredu horren arabera aldatu da nekazaritza eta ondorioz paisaia, eta batez ere hiru mozkin horiek lantzeko berritu, egokitu eta berriz berritu egin den eta egun ere egiten jarraitzen duen teknologia: tresneria, haziak, ongarriak, tratamenduak, eraldaketa guneak, elikagaien industria eta abar. Teknologiaren espezializatzea eta horretara egokitzeko laborariaren gaitasuna dira egun nekazaritzaren ezaugarri nagusiak. Sail handiak, gero eta handiagoak, eta paisaia uniformeak, gero eta uniformeagoak, dakartza teknologiaren erabilera areagotzeak, eta beste ondorio zuzen latzago bat ere bai: nekazariak urritzea. Gero eta nekazari gutxiago beharko da lur sail berak lantzeko. Nekazaritza horren ondorio argiena bioaniztasunaren murrizketa da. Bioaniztasuna maila guztietan: gure paisaia kulturalen espezie nagusia den herrietako biztanleen, hau da jende biziaren bioaniztasuna eta naturaren edo ingurumenaren aiekako bioaniztasuna. Landa guneetako biztanlegoaren jaitsierak bertako kulturaren pobretzea eta desagerpena dakar. Ingurumenaren aldetik, teknologiaren erabilera areagotzeak erreka, landare-hesi, zuhaizti eta abarren gainbehera dakar, uztarri berean datorren espezie aberastasunaren atzeratzearekin batera. Gure bioaniztasun berezia osatzen duten gure paisaia kulturalak zaintzen dituen nekazari landatarra eta paisaia kultural horren bioaniztasun kulturala-naturala, biak ala biak nabarmen urritzen ari dira.

 

Isuri atlantiarrean bi alde berezi behar dira: EAEkoa eta Ipar Euskal Herrikoa. Ipar Euskal Herriko nekazaritza, aipatu bezala eredugarria da. Ez dago erabat espezializaturiko nekazal eredu nagusirik. Bai ordea lurraldearen ezaugarri edafologiko, geologiko eta klimatikoetara ederki egokituriko nekazaritza mistoa; urte askoren garapenaren eta egokitzapenaren ondorio moldatu eta aurrindutako. Etxe askotan bizi dira azienda, fruitu arbolak, soroak, baratzeak eta oihana ustiatuz; horri mozkinak eraldatzeko eta merkaturatzeko eta saltzeko elkarteak sortzeko ohiturak erantsi eta teorikoki nekazaritza eredugarri bat aurreikusi daiteke.

 

Ipar Euskal Herrian deskribaturiko nekazaritza eredua lehen isuri atlantiar osoan zen. XX. mendearen azken laurdenetik hona erabat aldatu da panorama. Ez dago ia eredu horri jarraitzen dion etxalderik. Ia denak erabat espezializatu dira; behi-esnea izan da garabide nagusia. Bide horrek eskatu izan duen gero eta inbertsio handiagoak, aurreko inbertsioa ordaintzea bukatu gabe berriak egiteko errota-harrian sartuta, nekazariak ito egin ditu eta gaur egun argi dago bide horrek ez duela inolako etorkizunik. Bestetik tresneria gero eta handiagoa erabili beharrak ekarri du lur askoren uztea, aldapak eta isuri handiko sailak ezin dira behar bezala landu eta horrek erabat utzitako lur sailak izatea edota nekazaritza ez hain industrializatuan landu daitezkeen sail horiek basogintzara igarotzea eragin du. Eredu horrek janari kopuru handiak kanpotik ekartzea eskatzen du eta behientzako besterik izango ez diren jakiak ekoiztera. Behi-esnearen prezioaren gorabeherak ez daude nekazarien esku, saltoki gune handienetan baizik eta horrek bideraezina egiten du esne ekoizpena lurralde horretan. Esnearena adibide bat besterik ez da, makina bat badugu eta nekazaritza ataka oso larrira eraman dugu.

 

Gainbegirada honetako nekazaritza industriala eta laborantza intentsibora emandako lurretatik kanpo badago beste era bateko nekazaritza lantzen duenik ere. Hor dugu Ipar Euskal Herriko nekazaritza eredugarria, baina baita oso hurbileko kontsumitzailea zaintzen eta elikatzen duen nekazariak ere badira. Jendartearen zaintza eta benetako kalitatezko elikadura eskaintzeko beharrekoak diren mozkinak sortzen dituztenak. Ekologikoa, biologikoa edo organikoa deitzen den nekazaritzak 30 urtetik gora ditu gurean eta gero eta indartsuagoa da. Herrialde guztietan sakabanatua lantzen bada ere, lurralde nekazariena den Nafarroan du indar gehien. 800dik gora nekazari, eraldatzaile eta abar ari dira egun eta 66.000 hektareatik gora lantzen dituzte, 2022ko datuak dira. Hamar urte lehenago, 2013an 500 eragile ziren eta 51.000 hektarean lantzen ziren.

 

Ekologikoan lantzea aldaketa sakon baten hasiera besterik ez zen izan. Ondoren etorri dira, eta gelditzeko gainera, nekazaritza biodinamikoa, birsortzailea edo erregeneratzailea, permakultura, sintropikoa eta abar. Hemendik duela ez urte asko pentsaezinak zitzaizkigun ekoizpen berriak ahuakatea eta tea, sagardoaren munduan gertatzen ari den iraultza, eraldaketa eta merkaturatze bide berriak eta abar; oso urte gutxi barru orain sinestezina zaigun nekazaritza bat izango dugu. Kontsumitzailea ere ez da atzera geratu eta nekazariekin lotura zuzenak eta ahalik eta motzenak sortzeko ahaleginak hasi besterik ez dira egin. Hortik etorri da etorkizun oparoena aurreikusten zaion nekazaritza eta kontsumo eredua: agroekologikoa.

 

Agroekologiak ingurumena zaintzen du denon bioaniztasuna eta bizitza kalitatea bermatuz, ekoizlea zaintzen du lan baldintzak doituz emakumearen lana harrotuz eta prezio duinak ziurtatuz, lurra zaintzen du etorkizuneko elikadura ziurtatuz eta jendartea zaintzen du kalitate goreneko elikagaiak eskainiz, bertokoak eta sasoikoak. Zirkulu horrek borobiltzen du etorkizuneko nekazaritzaren garapena, dagoenerako Euskal Herrian toki askotan, jende askoren lanarekin, kontsumitzaile askoren esku hartzearekin eta kontzientziadun jendarte ahaldundu batekin.

 

Nekazaritza hori lantzen dutenak gero eta ahaldunduagoak daude. Bai formakuntzaren ikuspegitik, bai emakume nekazarien lana azaleratuz eta behar duen tokia emanez, bai jendartean saretzearen ikuspegitik eta, eredugarria dena, ingurumenaren zaintzan jendartearen jarrerak bideratuz eta gidaritza lana eginez.

Gidaritza

Administrazioak eta haien orbitako teknikarien eragina oraindik ere nabarmena da. Batez ere ingurumena eta kalitatezko bizimoduan nekazaritzak duen eraginarekin datozen aldaketak, pixkanaka atzeraezinezkoak izango direnak gogoz eta indarrez sustatu beharrean, itxurakeriak itxurakeri, zangotrabatzen besterik ez dira ari.

 

Lehengo mendean nekazaritzan abiatu zen “iraultza berdea” deiturikoa, ez iraultza eta ez berdea ez zena, ongarri eta pestizida sintetiko kimikoekin gure lurra egun dagoen egoera negargarrira ekarri duena, administrazioen eta teknikarien saihetserako begiradaren laguntzari zor zaio, neurri handi batean. Horrek ekarri gaitu ia lehen sektorerik gabeko Hego Euskal Herriko isuri atlantiarra izatera, adibidez.

 

Egun teknokratek ez dute iraultza berdearen frakaso historikoa aipatzen eta teknologiaren berrikuntzetan jarrita dituzte esperantza guztiak. Makro eskalako proiektu erraldoiak dituzte buruan ezinezko helburuekin: hidroponikoa bezalako ekoizpen sistemak, zeinak kalitate kaxkarreko elikagaiak ekoizteaz gain egungo ingurumen ikuspegitik onartezinak dira; eskala makroan diseinatutako ukuilu eta haragi haztegi kutsatzaileak; “haragi” artifiziala sortzeko inbertsioak; akuaponia (arrain hazkuntza eta nekazaritza uztartzen dituen sistema) zientzia fikziozko itxurako ekimenak, eta abar. Panorama tamalgarri honen adibide garbienetakoa basogintzarekin Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu dena da. Alor horretan ere barrutik sortutako ekimen eta indarrak irauliko du egoera.

Egoera horren aurrean jendartearekin eta haren bizitza kalitatearekin, etorkizuneko lur biziarekin, ahalik eta aniztasun handieneko ingurumenarekin engaiatuta dagoen nekazaria da etorkizun bakarra. Dagoenerako bide horretan ari direnak dira Euskal Herriko jendarte osoaren egungo gidari garrantzitsuenak. Aldaketarako eta bihar berri baterako eguneroko borrokaren eta lanaren muturraren burua direnak.

 

Perico Legassek handiak esan zuen bezala: “gaur egun egin dezakegun ekintza politiko garrantzitsuena jatea da”. Zer jaten duzu? Non erosten dituzu elikagaiak? Horiek dira politikariei egin behar dizkiegun galderak. Benetan gure Herriak argitu, bideratu eta sakondu behar dituen etorkizunerako zalantzak.

 

Erosi bertokoa eta sasoikoa. Lurretik platererako bidea moztu, hau da, erosi hurbileneko nekazariari. Prezio duina ordaindu, zure osasuna hortik dator, edo hortik dijoa… Elikadura, lurra, osasuna eta bizitza bizia elkarlanean hobe. Eta herri jantzi eta aurreratua izaten jarraitu nahi dugu, ala? Elikadura txarrak dakartza pobrezia, kulturarik eza edo ezjakintasuna, kalitate eskaseko bizimodua eta etorkizun beltza.

 

Munduko gastronomiaren puntaren puntan gaudela dioten horiei ere gomendio horiek berak luzatuko nizkieke. Ahoa-betean hitz egiten dutenean munduaren ahoak asetzeko guretik heldu eta sustatu, benetan. Bi datu amaitzeko: Euskal herrian jaten den legatzaren %94 kanpotik ekarritakoa da eta nekazariari beharrean supermerkatuan erosten badugu letxuga bat ordaindu duzunaren %16a soilik jasoko du nekazariak.

Jakoba Errekondoren testua, K Aldizkaria-ren 1. alean argitaratua

 

K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.