Zaintza lanak landa eremuan
Testua: Cristina Martín; Elena Erro; Noelia Galán, K Aldizkaria-ren 2 alean argitaratua
Argazkiak: Vicente Paredes
Andecha fundazioak hainbat gai lantzen ditu Gaztelako herri txikietan, besteak beste, auzokoen arteko sare lagungarriak edo cohousinga. Artikulu honek bere lanatik ateratako ikaskuntzak gure herrialdeetara ekartzeko aukera aztertzen du.
Nola zahartu nahi dugu landa eremuan? Norekin eta non jaso nahi ditugu zaintzak gure herrietan? Galdera horiei erantzuten saiatzen da artikulu hau, Comunidades de Cuidados izeneko proiektuan izandako esperientzian oinarrituta. Proiektu hau cohousing delakoan eta auzolaguntza sareetan oinarritzen da, eta landa eremuko zaintza komunitarioa berritzeko helburua du. Esperientzia honetatik abiatuta, Euskal Herrian ditugun erronkei aurre egiteko ikaskuntzak jaso nahi dira. Esperientzia hau, gainera, ez da isolatua: Estatuko Eskubide Sozialetako, Kontsumoa eta 2030 Agendarako Ministerioak finantzatutako 20 proiektu pilotuetako bat da, berrikuntza sozialaren eta eskala handiko esperimentazioaren testuinguruan garatua. Landa-inguruneetako zaintza komunitarioa sustatzeko helburuarekin Andecha Fundazioak, Jubilares eta UDP Adinekoak elkarteen arteko lankidetzatik sortu da.
2012an, Europako Adituen Taldeak “Common European Guidelines on the Transition from Institutional to Community-based Care” izeneko dokumentua argitaratu zuen, zaintza instituzionalaren eredutik komunitatean oinarritutako eredu baterako trantsizioari buruzko Europako Ildo Komunen Esparrua ezarriz.
Dokumentu horrek zaintza eredu berrien sorrera beharrezkoa dela adierazten du; izan ere, zaintzarekin lotutako erakundeek - adinekoentzako egoitzek, adibidez - zailtasun nabarmenak dituzte pertsonarengan oinarritutako zerbitzu egokiak eskaintzeko eta erabateko inklusioa bermatzeko. Horren atzean, besteak beste, komunitate eta familiarekiko isolamendua eta egoiliarrek gizartean parte hartzeko dituzten mugak daude. Asko dira arreta-ereduaren aldaketa eskatzen duten gizarte zibileko erakundeak, baita eredu asistentzial, deskontextualizatu eta bereizle bat gainditzeko formula berriak praktikan jartzen ari direnak ere. Eredu horretan, bizitza duin eta hautatua eramateko aukerak oso mugatuak dira.
Landa-inguruneek, berezko ezaugarriengatik, erronka berezi eta espezifikoak dituzte; horregatik, ezinbestekoa da horiek kontuan hartzea zaintza eredua birpentsatzean, eta hiri-eremuetako ereduak zuzenean, egokitu gabe, landa-guneetara ez eramatea. Herri eta landa-ingurune bakoitza berezia da, eta aniztasun handia agertzen du, bai ingurumen-aldagaietan (klima, geografia), bai giza okupazioaren dimentsioetan (kultura, ekoizpen-jarduerak, historia, biztanleria...). Hala ere, antzeko arazoak aurkitzen dira leku askotan: biztanleriaren galera progresiboa, hurbileko zerbitzu publikoetara iristeko zailtasunak, enplegu-aukerarik eta tokiko ehun ekonomikorik eza, eta garraio publikoko alternatiba faltarekin lotutako mendekotasun handia garraio pribatuarekiko, eta horrek guztiak isolamendu sozial eta geografikoa areagotzen du.
Comunidades de Cuidados proiektuak sei landa-udalerritan lan egin du: Extremaduran, Gaztela eta Leonen, Gaztela Mantxan eta Madrilgo Erkidegoan. Landa eremuko zaintzari dagokionez, modu transbertsalean antzeman dugu: hurbileko zerbitzu soziosanitarioetarako sarbide urria, askotan eskualdeburuetan zentralizatuak, eta garraio pribatuarekiko mendekotasun handia. Egoera horrek pertsonak beren etxe eta herriak uztera behartzen ditu, egoera fisikoa okertzen den heinean behar duten zaintza jasotzeko aukerarik ez dutelako bertan.
Gure proiektua abian jartzeko, zaintzaren inguruko imajinarioetan eta alternatibetan aldaketa kulturala bideragarria dela sinestu izan dugu. Horretarako, zaintza komunitarioko esperientziak eta adibideak behar dira, eredu bihur daitezkeenak eta ikuspegi komunitarioaren balioa eta onurak frogatzen dituztenak. Landa-ingurunean, laguntza-beharrak dituzten pertsonen protagonismoaren alde egiten dugu, eta tokiko beste eragile batzuekin batera zaintza-estrategia komunitarioak diseinatzeko gaitasuna dutela uste dugu.
Horretarako, lankidetza estuan aritu gara udalekin eta herritarrekin, eta talde eragileak sortu ditugu, teknikariak eta politikariak, laguntza behar duten pertsonak, senideak eta elkarte-sareko kideak barne. Talde horiekin batera, proiektuko taldeak diagnostiko parte-hartzaileak, tokiko ekintza-planak eta hainbat zaintza ekimen jarri ditu martxan: zentro soziokomunitario bat irekitzea, zerbitzu soziosanitarioak eskaintzea, jantoki-zerbitzu bat abiaraztea, boluntariotzaren bidez laguntza eskaintzea, eta erabilerarik gabeko espazio publikoak berreskuratzea, besteak beste.
Sei herri ezberdinetako testuinguruak landu ditugu zahartze, mendekotasun eta zaintzari buruzko diagnostikoetan, hainbat erronka amankomunank azaleratu dira landa-inguruneko zaintza eredua aldatzeko:
(1) Erronka soziokulturalak, hala nola erresistentzia kulturala, ereduen aldaketarekiko mesfidantza eta zaintzaren inguruko ikuspegi tradizional hegemonikoa.
(2) Zerbitzuetara iristeko oztopoak, bai osasunari bai zaintzari lotutakoak, oztopo geografiko eta garraio-arazoek larriagotuta.
(3) Giza baliabide falta, tokian tokiko profesional espezializatuen gabezia dela eta.
(4) Erronka politikoak, zerbitzuak eta programak etengabe aldatzen diren testuinguru instituzionalean.
(5) Erronka juridikoak, esaterako, Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendekotasunari Aurre Egiteko Legea erreformatzeko beharra, zerbitzu intentsiboagoak, pertsonalizatuak eta komunitatean txertatutakoak ahalbidetzeko.
(6) Erronka ekonomikoak, baliabide ekonomiko iraunkorrik eza eta finantzaketa publikoaren konpromiso faltak baldintzatuta.
Proiektuan, landa-eremuko zaintzaren inguruko esperientzia inspiratzaileen gida bat ere landu da. Gida hau prestatzean, egiaztatu dugu esperientzia ugari ari direla sortzen etxeko eta komunitateko zaintza-zerbitzuen eredu berriak hainbat lurraldetan: batzuk administrazio publikoek bultzatuta, beste batzuk behetik sortutakoak, hala nola Landa Garapenerako Zentroen ekimenak, eta oinarri komunitarioko elkarteek sustatutakoak. Guztiek adierazi dute etorkizuneko erronka nagusia finantzaketaren ziurgabetasuna dela, gehienak norgehiagoka bidezko eta helburu jakinetarako dirulaguntzen mende daudelako, eta horrek ez duelako bermatzen haien iraupena eta jasangarritasuna.
Gure ustez, ikuspegi komunitarioa da egokiena landa-eremuko erronkei aurre egiteko; tokiko komunitateek beren errealitatea ezagutzen dute hobekien, eta haiek dira beren etorkizuna erabakitzeko gai direnak, betiere adituen laguntza egokiarekin. Horrekin lotuta, zaintza-ereduaren aldaketa politiken bidez gauzatzeko beharra dago. Horrek aldaketa arautzaile garrantzitsuak eta esperientzia arrakastatsuen iraunkortasuna bermatzeko konpromisoa eskatzen du. Landa-eremuko erronkei aurre egiteko, Administrazioak bere presentzia sendotu behar du, herrietara zuzendutako politika positiboak ezarriz.
Gobernantza eta lankidetza publiko-komunitarioa da landa-eremuko erronka askori erantzuteko bide bideragarrienetako bat. Egitura biziak eta malguak sortu behar dira, non administrazioak eta komunitateak elkarrekin lan egingo duten, bai zerbitzuen diseinuan bai kudeaketan. Komunitatean oinarritutako ikuspegi honen bidez, abian jartzen diren ekimen eta zerbitzuek ez dute soilik eragin positiboa izango laguntza behar duten pertsonen osasun fisiko eta emozionalean, eta instituzionalizazioaren prebentzioan, baizik eta komunitate osoaren ongizatean ere, komunitate-sentimenduaren hazkundea bultzatuz, proiektuaren ebaluazio-txostenak erakusten duen bezala.
Landa-eremuan zaintza-ingurune erantzunkide eta elkarrekiko laguntzan oinarrituak normalizatzea, eta instituzionalizazioa saihesteko zerbitzu berriak ezartzea, biztanleria finkatzeko modu eraginkorra da: bai laguntza behar duten herritarrak bertan geratzea ahalbidetuz, bai zaintzarekin lotutako enplegua sortzeko aukerak irekiz.
K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.