6B83BC06-C3E1-4157-A1CF-06C9FCF2EB07

‘Trantsizio sozioekologiko prozesuen zerbitzura dagoen entzute komunitarioa’ Mintegia

Laburpen Exekutiboa

Agirre Lehendakaria Center-ek, Columbia Universityko AC4ekin eta Hiroshima Universityren lankidetzarekin, “Trantsizio sozioekologiko prozesuen zerbitzura dagoen entzute komunitarioa” izeneko mintegi akademikoa ospatu du aste honetan Urdaibaiko Ekoetxean. Gobernantza-sistema eta prozesu parte-hartzaile, naturaren eskubide, hiri-plangintza, arkitektura, arte eta turismo alorretako nazioarteko adituen parte-hartzearekin batera, topaketak tokiko ordezkariak eta komunitateko kide ezberdinak bildu ditu eskualdean Guggenheim Bilbao museoa hedatzeko aukerari buruzko entzute-prozesuaren metodologia eta emaitzak kontrastatu eta aberasteko helburuarekin.

Eduki hau AC4-Columbia Univeristyk egindako laburpen exekutiboaren itzulpena da, bere webgunean partekatua izan dena.

Lehen jardunaldia barne-lanetara bideratu zen, hausnarketa estrategikora, helburuen lerrokatzera eta trantsizio sozioekologikoen aukeren esplorazio bateratura hain zuzen ere. Gobernantza, kultura, artea, natura eta lurralde-ekonomia bezalako gaiak jorratu ziren, besteak beste. Busturia, Ajangiz, Muxika, Sukarrieta, Gautegiz Arteaga, Elantxobe, Ibarrangelu eta Ereño udalerrietako ordezkariek parte hartu zuten, eta Urdaibaiko trantsizio justu baterako beharrezko baldintzei buruzko duten ikuspegia partekatu zuten.

 

Bigarren jardunaldia, entzute komunitarioa trantsizio sozioekologiko prozesuak laguntzeko tresna gisa ardatz hartuta, herritarren parte-hartzeari, gobernantzari, berrikuntza teknologikoari eta lurralde-eraldaketako prozesuetan kulturaren rolari buruzko panel eta eztabaida irekiak sortzera zuzendu zen. Urdaibaiko kasua aztertu zen, non gaur-gaurkoz Agirre Lehendakaria Centerrek 950 narratiba baino gehiago bildu dituen; honi esker, entzute komunitarioak museoaren hedapenaren aukerari buruz dauden ñabardura guztiak hobeto ulertzen nola lagun dezakeen hausnartu zen. Jorratu ziren gaien artean, parte-hartze eta erabaki kolektiboak sustatzeko teknologiaren eta biki digital sozialen aplikazioa, eta komunitatea naturarekin eta lurraldearekin lotzeko arteak eta kulturak duten funtzioa izan ziren, hurrenez hurren.

 

Topaketak “Kanpokoak” erakusketa fotografikoa ere izan zuen, Vicente Paredes argazkilariaren eskutik, ALCren ohiko kolaboratzailea. Erakusketak Urdaibaian bizi diren eta lan egiten duten pertsona migratuak erretratatzen ditu —entzute-prozesuan euren ahotsak atzematea zailagoa izan den kolektiboa, justuki—, eta euren keinu eta begiraden bidez, pixkanaka etxe bilakatzen ari diren lurralde batean lekua aurkitzeko egiten duten ahalegina islatzen du.

 

Mintegian zehar, akademikoek nazioarteko kasuak aurkeztu zituzten entzute-prozesuaren metodologia aberastu eta kontrastatzeko, eta lankidetzazko gobernantzan, giza garapenean eta turismo jasangarrian izandako jardunbide egokien inguruan eztabaidatu zuten. ALCk, bere aldetik, entzute-prozesuaren azken aurkikuntzak aurkeztu zituen, jarraian laburbiltzen direnak.

Urdaibaiko entzute-prozesuaren inguruko azken berriak: posizio prebalenteak

Prozesua hasi zenetik bost jarrera narratibo identifikatu dira, zeintzuen presentzia aldatu egin baita entzuteak aurrera egin ahala. Entzute-prozesuaren luzera-analisi baten barruan, esan daiteke museoaren hedapenaren aurkako eta bestelako gaiak jorratu nahi ez zituen patroiaren presentzia izan zela hasierako faseetan gehien nabarmendu zena, elur-bola laginketa kualitatiboan izaten den bezala, non lehenik ahots mobilizatuenak agertu ohi baitira. Hala ere, hilabeteak igaro eta entzutea zabaldu eta dibertsifikatu ahala, hasierako narratiba horietako zati esanguratsu bat 2. patroira lekualdatu da: museoa handitzearen aurkakoak diren baina eskualdearen garapenean fokua jartzen duten narrazioak, alegia. Patroi hau “ez handitzeari, baina bai garapenari” gisa defini liteke. 950 narrazio jaso direnean, gaur egun patroirik prebalenteena dela baieztatu daiteke.

 

Ikuspegi metodologiko batetik, eta AC4–Columbia Universityk balioztatutako marko interpretatiboa jarraituz, desplazamendu hauek ez dira ordezkapen lineal gisa ulertu behar, ekosistema narratiboaren bilakaera natural gisa baizik: entzutea prozesua aurrera egin eta interpretazio kolektiborako espazioak sortzen diren heinean, ahots ez hain polarizatuak agertzen dira, museoa handitzeko kritikaren eta lurraldeari buruzko elkarrizketa zabalago baten beharra uztartzen dituztenak. Horietan, pertsona askok euren diskurtsoa ñabartu dute 2. patroiaren antzeko posizioetara.

 

Aldi berean, 5. patroiak (“nire iritziak ez du lekurik”) gora egin du desberdintasunaren eta desafekzioaren adierazle gisa, gazteak, migratuak eta erakundeengan konfiantzarik ez duten ahotsak barneratuz; presentzia kuantitatiboa edozein dela ere, bere esanahi estrukturala eta kulturala oso garrantzitsua da. 3. patroiak, proiektuaren aldekoak, egonkor jarraitzen du; bai proiektua babesten dutenak, bai gainbeheraren aurrean museoan aukera bat ikusten duten kolektibo prekarioak biltzen dituena. Azkenik, 4. patroiak (“nola egiten den arabera”), hasieran presenteago zegoena, indarra galdu du: datuak eta bermeak eskatzen zituzten askok bilakaera bat izan dute, gehienbat 2. patroira desplazatuz —proiektua begi onez ikusten ez duten baina lurraldeaz hitz egitea eskatzen dutenak—, eta zenbait kasutan, 3.era ere bai, hau da, proiektuaren aldeko jarrera batera. 2026ko urtarrilaren 23an an aurkeztuko den azken txostenak analisi hau xehetasunez azalduko du eta jasotako narrazio guztien eduki osoa eskuragarri jarriko du.

Mintegitik eratorritako ondorio nagusiak

Informazio hau aztertu eta mintegian aurkeztutako nazioarteko esperientziekin kontrastatu ondoren, AC4-Columbia Universityko zuzendari Joshua Fisherrek ondorio hauek aurkeztu zituen:

 

1.-Entzute-prozesuak proiektu hau ikusteko modu desberdinak azalera ekarri ditu. Ez dago ikusteko modu bakar bat, eta ñabardura ugari daude. Zuri-beltzeko argazki baten aurrean, orain koloretako irudi eta argazki anitz ditugu, ikuspegi aberatsago eta konplexuago bat eskaintzen dutenak. Entzute-prozesuak espazio bat sortu du Urdaibaiko herritarrek halako erabakiei nola heldu behar zaien, zein ahots sartu behar diren eta euren beharrak eta asmoak nola ziurtatu eta kontuan hartzen diren partekatzeko.

 

2.-Museoa eztabaidaren parte garrantzitsua bada ere, entzute-prozesuak eskualdearen Giza Garapen Jasangarrirako erronka eta aukeretan fokua jartzera gonbidatzen gaitu. Ikuspuntu eta kolektibo ezberdinen mobilizazioak herritarren borondatea agerian utzi du; hots, Urdaibaiko etorkizunaren protagonista izateko nahia.

 

3.- Entzute-prozesu ireki eta sakon bat sortzeko erakunde publikoen borondateak gobernantza berritzaile eta kolaboratiboaren aldeko konpromisoa erakusten du. Munduan barrena ere, tentsioa dago politika publikoak diseinatzeko espazio ireki eta deliberatiboak sortzeko beharraren eta herritarren kezkak erantzuteko proiektu zehatzak aurkezteko beharraren artean. Mintegian aurkeztutako esperientzia internazionalak oinarri hartuta, erakunde publikoek entzute-prozesuan agertutako narratiba nagusiak etorkizuneko erabakietan kontuan hartzea ezin egokiagoa litzateke.

 

4.-Desberdintasunak dauden arren, eskualdearen garapenari buruzko adostasun handiak ere egon badaude. Inork ez du zalantzan jartzen Busturialdeako ingurumen-babesa garapen sozio-ekonomikoarekin uztartu beharra. Mintegian ikusi ahal izan dugunez, ez dira ohikoak adostasun hain zabalak; beraz, baliatu egin behar ditugu etorkizun partekatu bat eraikitzeko.

 

5.-Erakundeak garapen horrekin konprometituta daude eta lehendik dauden ahaleginak (plan estrategikoa) entzute-prozesuarekin konektatzen saiatuko dira. Hau da, nazioarteko mintegiak utzi digun ikasketa nagusietako bat: noizean behin entzutea baino, arrakastatsuagoak dira entzute-gaitasun jarraitua garatzen duten prozesuak, denboran zehar egokitzapenak txertatzea ahalbidetzen dutenak. Gaur egun, gainera, tresna digital berriak ditugu, gobernantza-praktikan txertatzen ikasi behar ditugunak.

 

Mintegian nazioarteko aditu eta akademiko nabarmenek parte hartu dute, besteak beste, ALCko taldeak; Joshua D. Fisher, AC4-Columbia Climate School-eko zuzendaria; Karin Okada, AC4-Columbia Climate School-eko kolaboratzailea; Jacqueline M. Klopp, Columbia University; Thaddeus Pawlowski, Columbia GSAPP / Center for Resilient Cities and Landscapes; Tamara Muruetagoiena, FRESH PRODUCE; Lidia Cano Pecharroman, University of Texas at Austin; Hu Meng Qu, Hokkaido University; eta Kayo Funato, Hiroshima University. Eskerrik beroenak Hiroshima Universityri eta bere “University Presidents for Peace” eta “Network for Education and Research on Peace and Sustainability (NERPS)” ekimenei mintegi honetan bazkide gisa erakutsitako konpromisoagatik.

 

Nazioarteko ordezkaritzarekin batera, tokiko adituek (EHU, Nazio Batuen 2030eko Tokiko Idazkaritza), ikerketa-zentroek (BC3, Arantzazu Lab), gizarte-erakundeek (Gernika Gogoratuz, EMUN, TZBZ), eskualdeko alkateek eta erakundeetako ordezkariek (Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Diputatu Nagusia, Asier Aranbarri, Gizarte Berrikuntzako zuzendaria eta Alex Boto, IHOBEko zuzendaria).

 

Eta, nola ez, eskerrik asko ere mintegian parte hartu duzuen guztioi.