Gasteizko zoru komuna: nola hobetu euskararen egoera guztion artean?
Nola sentitzen eta bizi dugu euskara Gasteizko kaleetan? Zerbaitek ematen digu beldur? Zer da bultzatzen gaituena? Galdera horiei erantzuteko, Gasteizko Udala eta Agirre Lehendakaria Center (ALC) elkarlanean ari dira proiektu berritzaile batean: Gasteizko herritarrek eta eragileek euskararen inguruan dituzten pertzepzioak sakon aztertzea.
Helburua ez da diagnosi soil bat egitea; "Zoru Komuna" sortu nahi dugu. Hau da, ulermen partekatu bat lortu, etorkizuneko politika publikoak herritarren errealitatetik eta beharretatik jaio daitezen.
Zer da zehazki proiektu hau?
Datu kuantitatiboetatik haratago, proiektu honek gizarte-berrikuntza du oinarri. Gure helburua da euskararen aldeko palankak (aukerak) eta oztopoak identifikatzea, egun deskonektatuta dauden ekimenak elkarrekin lotzeko eta eragin handiagoa lortzeko.
Nola ari gara lanean?
Lana modu sistematikoan egituratu dugu, bost urrats nagusitan:
- Mapatzea: Hirian euskara mugitzen ari diren eragile eta ekimen nagusiak identifikatzea.
- Entzuketa sakona: Herritarren "narratibak" jasotzea. Zer sentitzen dute gasteiztarrek euskararen inguruan?
- Interpretazio kolektiboa: Jasotako informazioa eragileekin kontrastatzea, guztien artean balioztatzeko.
- Ko-sorkuntza: Behar erreal horiei erantzuteko irtenbide berriak eta prototipoak diseinatzea.
- Esperimentazioa: Proiektu sorta bat martxan jartzea, zerbitzu publikoak edo komunitate-ekintzak hobetzeko.
"Ezinbestekoa da herritarren pertzepzioak ezagutzea erantzun egoki bat emateko"
Proiektuaren muina eta helburu nagusiak sakonago ezagutzeko, Rakel Romero Martinez de Zabarterekin, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko buruarekin, hitz egin dugu. Rakelen ustez, "Zoru komuna" eraikitzeko gakoa entzuketan eta saretzean dago: "Administrazioak jende guztiari erantzun behar dio. Prozesu honek aukera eman digu harreman txikiagoa genuen eragile horiekin harremanetan jartzeko, entzuteko eta saretzeko".
Rakelek nabarmendu duenez, erronka konplexuei erantzun konplexuak eman behar zaizkie, eta bide horretan "ikuspegia zabaltzea" da helbururik handienetako bat: "Konformatuko nintzateke begiak gehiago zabalduko bagenitu; hori ez da gutxi. Ikuspegia zabaltzen badugu eta bidean sortzen diren aukerak aprobetxatzen baditugu, bide ona egingo dugu".