Galdakaok eta Getxok ekimen komunitarioak aktibatu dituzte suizidioa prebenitzeko
Suizidioaren Prebentziorako Munduko Egunaren harira, Galdakao Zeugaz eta Getxo Zurekin komunitate-berrikuntzako ekimenek hainbat sentsibilizazio-ekintza jarri dituzte martxan, herritarrei informazioa eta laguntza-baliabideak gerturatzeko. Esperientzia bietan Agirre Lehendakaria Centerrek parte hartzen du bi udalerrietako tokiko eragileekin eta Galdakao Udalarekin batera, eta zaintza eta prebentzio sistemak sendotzea dute helburu, komunitatearen parte-hartze aktiboaren bidez.
Udalerri bietan garatutako lanaren esparruan, K Tool plataformak eta komunitate-konektoreen lanak —Galdakaon Ehulea eta Getxon Lokarria deituak, orain Acción Contra el Hambre ere betetzen ari den funtsezko papera— lurraldean entzutea egitea eta herritarren pertzepzioa erakundeen erabakiekin konektatzea ahalbidetzen dute. Horrela, erantzukizun partekatuko sare bat egituratzen da, zaurgarritasun-egoeren aurrean erantzun kolektiboak elkarrekin sortzea errazten duena.
Alerta Zurt! Proiektu pilotua
2022an, Getxon egindako komunitateko ko-sorkuntza saio baten bidez, herritarrek eurek diseinatu zuten ezinbestekotzat jotzen zuten informazioa, pertsonak laguntza eskatzera bultzatzeko eta gonbidatzeko. Espazio kolektibo horren ondorioz, Alerta Zurt! proiektu pilotua jaio zen. Parte-hartze prozesu horretatik hainbat material sortu ziren, hala nola merkatariekin lankidetzan aritzeko eta herritarren igarobideetan baliabideak ikusgarri egiteko informazio-pegatinak; ekimen hori Sopela eta Plentzia bezalako udalerrietan zabaldu zen hasieran. 2026an, Suizidion Eportaeraren Prebentziorako Munduko Eguna dela eta, Galdakao Zeugaz proiektuak bat egin du Alerta Zurt! mugimenduarekin.
Tokiko sentsibilizazioa eta informazio-baliabideak Galdakaon
Galdakaon, sentsibilizazio kanpaina Garrantzitsua zara, entzuten zaitugu lelopean artikulatu da. Alerta Zurt!-en bideari jarraituz, ekimenak informazio-pegatinak eta liburuxkak jarri ditu tokiko saltokietan, alarma-seinaleak identifikatzen laguntzeko eta laguntza-bideak eskaintzeko tresnak errazteko asmoz.
Zabaldutako materialen artean, prebentzio-gida nabarmentzen da. Bertan, arreta-telefonoak biltzen dira, hala nola Osakidetzako Osasun Kontseilua (900 203 050), portaera suizidari arreta emateko linea (024) eta larrialdiak (112). Dokumentuak zailtasun-momentuetan dauden pertsonei epaitu gabe laguntzeko eta entzute egiteko bideratzeak jasotzen ditu. Halaber, Galdakaoko Udalak atal espezifiko bat gaituko du bere webgunean informazio-baliabideekin eta arrisku-faktoreekin.
Ekintza komunitarioa Galean
Beste aldetik, Getxon, Getxo Zurekin programako Alerta Zurt! ekimenak giza kate bat deitu du Galea inguruan. Mobilizazio baketsu honen helburua da prebentzio-neurriak handitzea eskatzea, bai eta eremu horretan informazio-panelak eta laguntza-telefonoak jartzea ere.
Bai Galdakaon, bai Getxon, ekintza hauek tokiko laguntza-sareak sendotzearen eta ongizate integrala sustatzearen garrantzia ikusarazten dute, erakundeen, profesionalen, rol konektoreen eta herritarren arteko elkarlanaren bidez.