image (1)

Auzoa denen artean zaintzen: Tximelarrek Gaubeltzan bat egin du eta auzo-ehuleak trebatzen dabil

Galdakaoko auzoetan entzute aktiboaren bidez sortutako proposamenek forma hartzen jarraitzen dute kaleetako egunerokoan. Galdakao Zeugaz ekimen komunitarioaren esparruan, bizilagunek ekintza zehatz bihurtzen jarraitzen dute partekatutako kezkak, elkarbizitza eta auzoko laguntza-sareak indartuz.

Abiapuntua maiatzean sendotu zen; orduan, Tximelarreko (Capi) eta Urretako elkar-sorkuntza saioek erronka oso argiak jarri zituzten mahai gainean: belaunaldi desberdinak elkarrekin biziko diren guneak sortzeko beharra, kidetza-sentimendua indartzea eta auzora berriki iritsitakoei harrera egitea. Bizilagunek eurek asmatutako irtenbideen artean ongietorriko herri-bazkariak nabarmentzen ziren, izotza hautsi eta auzokideak mahaiaren bueltan konektatzeko pentsatuak.

 

Lekuko horri helduta, eta aurten Capin egindako elkar-sorkuntza topaketetatik abiatuta, auzokide talde batek ideia egutegira egokitzea eta urriaren 31n auzo-txokolatada eta askari komunitarioa antolatzea erabaki zuen, Gaubeltzaren arratsaldearekin bat eginez.

Txokolate-gustuko Gaubeltza

70 txokolatek txikien, familien eta nagusien urdailak bete zituzten, Tximelarrek gogoz erantzun zuen arratsalde batean. Askaltzeaz harago, topaketak balio izan zuen eguneroko espazioak berrausnartu eta birpentsatzeko, baita berezko ideiak sortzeko ere.

 

Askarirako antolaketan aritu zen auzokide taldea berriro bilduko da proposamenak nola gauzatu aztertzeko: trebetasunak partekatzeko tailerrak, ilobak zaintzen dituzten aitite-amamentzako oinarrizko euskara-eskolak, ludoteka berriro irekitzea, argazki zaharrak biltzea edota Olentzerorako eta Inauterietarako topaketa gehiago prestatzea. Horrez gain, auzo-ibilbideen kartelak jarriko dira; izan ere, paseook pare bat hilabete daramatzate martxan eta astero egiten dira.

«Komunitate-ehuleen» prestakuntza

Hurrengo urratsa azaroaren 10ean izango da, Komunitate-ehuleen prestakuntza-tailerrarekin; ekimen hau oso lotuta dago Tximelarreko eta Bengoetxeko ibiltari-taldeekin, dagoeneko kalean radar erne gisa funtzionatzen baitute. Hitzordua nagusien etxeetara, HHIra (EPA) eta, oro har, herritar guztiei irekita egongo da.

 

Urteari amaiera emateko, Galdakao Zeugaz-ek komunitate osoari irekitako topaketa bat antolatuko du —joan den ekainaren 17an egindakoaren ildotik—, egindako bidearen balantzea egin eta datorren ikasturteko erronkak elkarrekin planifikatzeko helburuarekin.