Lakua-Arriagak martxan jarri ditu bere zainketa komunitarioko ekimen berriak
Hogei pertsona baino gehiago bildu ziren Lakua-Arriagan auzoan garatzen den sare komunitario bat ehuntzeko prozesuari forma ematen jarraitzeko. Topaketan askotariko talde bat izan zen: profil teknikoekin batera, boluntario ziren auzokide nagusiek, IGEko ordezkariek, inguruko kolektiboek eta kaleko hezitzaileak aldez aurretik bildutako gazte eta migratuen ekarpenek parte hartu zuten.
Saioa Arriaga Loturik sarearen eskutik antzeztutako antzezpen labur batekin hasi zen; bertan, auzoko hiru errealitateri gorputza eta ahotsa eman zitzaizkien: Maite, adineko emakume auzokide boluntarioa baina aldi berean zainketak behar dituena; Jose, gazteek, pertsona etorkinek edo gizon erretiratuek bizi dituzten sarbide-oztopoen isla; eta Leire, bulegoko logikatik harago protagonismoa auzokideei uztea bilatzen duen profil teknikoa.
Dinamikak eztabaida erraztu zuen, eta argi utzi zuen arreta komunitatean oinarritutako etengabeko prozesuetan jarri behar dela. Solasaldian zehar bi erronka nagusi ere azaleratu ziren: administrazio publikoaren aldetik konpromiso argiago bat eskatzea eta administrazio hori auzoko behar berrietara egokitzea, batetik; eta harremanetan jartzea gehien kostatzen den kolektiboen (gazteak, herritar etorkinak eta gizon erretiratuak) espazioak eta erritmoak hobeto ulertzeko beharra, bestetik.
- Komunitate-ehuleak: Auzokideen laguntza-sare bat egituratzea tresna ukigarrien bidez, eta prozesuaren jarraitutasuna bermatuko duen konektore komunitario profesional baten rola aztertzea, Getxoko edo Galdakaoko esperientzien ikaskuntzekin lotuz.
Memoria bizia eta harrera: Auzoa eraiki zuten adinekoei aitortza egitea eta belaunaldi berriei nahiz kanpotik datozenei harrera aktiboa ematea bateratzea, hainbat formaturen bidez; hala nola argazki-bilketak, topaketa-jaiak edo eskolekiko loturak baliatuz.
Topaketa oso balorazio positiboarekin eta eraikitzen jarraitzeko gogoarekin amaitu zen. Prozesuaren hurrengo geltokia prestakuntza-saioetan zentratuko da, bi ekimen horiei forma ematen hasteko.