Auzoa denen artean zaintzen: Tximelarrek Gaubeltzan bat egin du eta komunitate-ehuleak trebatzen dabil
Galdakaoko auzoetan egindako entzute-prozesuan jasotako proposamenak gorpuzten ari dira pixkanaka bertako kaleetako egunerokoan. Galdakao Zeugaz herri-mugimenduaren baitan, auzokideek ekintza zehatz bihurtzen jarraitzen dute partekatutako kezkak, elkarbizitza eta elkarri laguntzeko auzo-sareak sendotzeko asmoz.
Maiatzean egin zen lehen sorkuntza-saioa Tximelarren (Capi) eta Urretan. Saio horretan, auzotarrek behar eta aukera hauek antzeman zituzten auzorako: belaunaldi desberdinak elkarrekin bizitzeko guneak sortzeko beharra, kidetza-sentimendua indartzea eta auzora iritsi berriei harrera egitea. Auzokideek berek pentsatutako irtenbideen artean ongietorri-bazkari herrikoiak nabarmendu ziren, mahaiaren bueltan izotza hautsi eta bizilagunak elkarrekin harremanetan jartzeko xedez.
Aurten Capin egindako sorkuntza-topaketetatik abiatuta, auzokide talde batek ideia hori egutegira egokitzea eta urriaren 31n, Gaubeltza arratsaldearekin batera, txokolatada eta askari komunitario bat antolatzea erabaki zuen.
Txokolate-gustuko Gaubeltza
Txiki, familia eta adinekoen artean partekatutako 70 txokolate izan ziren aitzakia Tximelarren elkartzeko, solasean aritzeko eta loturak ehuntzen jarraitzeko. Hain zuzen ere, Galdakao Zeugaz ekimenaren balioa komunitatetik bertatik eta komunitatearekin batera elkarguneak sortzean datza; pertsonek elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta premia zein aukera komunak identifikatzeko guneak, hain zuzen. Horrela, askari bat bezalako eguneroko gauza batetik abiatuta, auzoa eraikitzen jarraitzen da, eta, taldean, bertan bizi direnen ongizatea hobetzen laguntzen duten gune esanguratsuak sortzen.
Hurrengo urrats gisa, askaria antolatu zuen auzokide-taldea bildu egingo da gune horretan jasotako proposamenak nola gauzatu aztertzeko: trebetasunak partekatzeko lantegiak, ilobak zaintzen dituzten aitite-amamentzako oinarrizko euskara-eskolak, ludoteka berriro zabaltzea, argazki zaharrak biltzea edo Olentzerorako zein Inauterietarako topaketa gehiago prestatzea. Horrez gain, duela pare bat hilabete abian jarritako eta astero egiten diren auzo-ibilaldien ibilbideak jasotzen dituzten kartelak jarriko dira.
«Komunitate-ehuleen» prestakuntza
Hurrengo urratsa azaroaren 10ean izango da, Komunitate-ehuleen (edo Auzo-ehuleen) prestakuntza-lantegiarekin. Ekimen horrek lotura estua du kalean jada erne dauden radar gisa funtzionatzen duten Tximelarre eta Bengoetxeko paseatzaile-taldeekin. Hitzordua irekia izango da adinekoen zentroentzat, HHIrentzat (Helduen Hezkuntza Ikastetxea / EPA) eta, oro har, auzotar guztientzat.
Urteari amaiera emateko, Galdakao Zeugaz ekimenak komunitate osoari irekitako topaketa bat antolatuko du —joan den ekainaren 17an egindakoaren ildotik—, egindako bidearen balantzea egiteko eta hurrengo ikasturteko erronkak elkarrekin planifikatzeko helburuz.