Etorkizuneko burujabetza ehuntzen TM eLabekin batera
Agirre Lehendakaria Centerrek eta Telesforo Monzon eLab-ek elkarlanean sustatuko “Etorkizuneko Euskal Burujabetza” proiektuak datozen urteetan Euskal Herriak izango dituen burujabetza-erronka nagusikak identifikatu eta horiei erantzuteko duaden gaitasunak, eragileak eta lankidetza-aukerak aztertzea du helburu. Energia, etxebizitza, elikadura, euskara eta hezkuntza bezalako esparruetatik abiatuta, proiektuak burujabetzaren inguruko eztabaida, erronka zehatzekin lotu nahi du, eragileen arteko konexio berriak sortuz eta ekintza eta esperimentazio partekaturako aukerak identifikatuz.
Testuinguru horretan, ALCk eta TMeLab-ek lan-saioa egin dute Bilbon urriaren 23an, proiektuan urrats berriak emateko asmoz. Martxoan eta uztailean abiatutako elkarrizketak oinarri hartuta, lan-saioak K-Tool plataforma teknologikoaren aurkezpena, orain arteko mapaketaren interpretazio kolektiboa eta erronketatik lankidetza-aukeretara igarotzeko eztabaida uztartu ditu.
Topaketan, besteak beste, K-toolen portentziala aztertu zen, eragileak, ekimenak eta erronkak modu dinamikoan konektatzeko tresna gisa. Eztabaidan hainbat gako landu dira: erronken lehenespena gobernu-mailen eskumenen arabera zehaztea, informazioaren asimetriak saihestea eta eragileen arteko artikulazioa bermatzea.
Prozesuaren hurrengo fasean, eztabaida orokorretatik esperimentaziora igarotzea proposatu da, prototipo konkretu baten bidez. Udal edo eskualde mailako esperientzia bat garatzea planteatu da, bi edo hiru arlotan zentratuta (besteak beste, etxebizitza, osasuna, hezkuntza edo kirola, euskararen zeharkakotasunarekin). Helburua ez da soilik egoera aztertzea, baizik eta dauden gaitasunak konektatu, hutsuneak identifikatu eta lankidetza berriak praktikan probatzea, epe laburreko ikasketa eta datozen bi-hiru urteetarako esperimentazio estrategikoa landuko dira, bikoizketak eta eragileen arteko dispertsioa saihestuz.
Jardunaldiaren amaieran, datozen urratsak eta baliabideak zehaztu dituzte. Datozen hilabeteetan talde operatibo bat eratuko da prozedura, erronken zerrenda eta parte-hartzaileen konpromisoak finkatzeko. Era berean, esperimentazio-fase hori garatzeko baliabide eta finantzaketa aukerak aztertu dira.